GaraiOn NaturArtea elkarteko adituek gidatuta, gaur goizean zumezko iglua landatu dute Soraluzeko Institutuko DBH 2. mailako 34 gaztek Txurrukeneko ibai-ertzeko berdegunean, asteon ikastetxean guztia prestatu ondoren.
Sormena, natura eta ondarea
“Sartu ditugunak arbola txikiak dira, eta urtetik urtera indartzen joango dira. Zumea erabili dugu moldagarria, malgua delako. Lokalaren ideia transmititzen duen zerbait sortu nahi izan dute gazteek eta hura ezkutatu edo gordetzeko hesiz inguratzea. Parte-hartze prozesu txiki baten bitartez aukeratu zuten zer egin. Ekimen honen oinarriak sormena, natura eta ondarea dira ”, esplikatu dute GaraiOn elkarteko gidariek.
Gaurko jardunari dagokionez, goizean hasi eta 14:00ak ingurura bukatu dute zeregina: “Zumeak ekarri ditugu, lurrean ipini dugu diseinatutako marrazkia, gero egitura landatu dugu eta gero zume txikiagoak sartu ditugu”, azaldu dute GaraiOn elkartekoek.
Egitasmoa Hezkuntza proiektuko Sormen tailerraren baitan egin dute, Soraluze BHI Institutuarekin elkarlanean, bertako Hauspoa proiektuaren barruan.