Martxoaren 8a Sabra eta Shatilatik: “Astero da gure aldarrikapena”

Ubane Madera 2019ko mar. 13a, 14:45
Raldeko jokalariak Sabra eta Shatila ondoko entrenamendu lekuan.

Martxoaren 8a pasatu berritan, Sabra eta Shatilako errefuxiatuen kanpalekuetatik ere ailegatu da emakumeen aldeko mezua Soraluzera, bertako saskibaloi jokalarien eskutik: “Astean birritan entrenatzen dugu, Sabra eta Shatila ondoan dagoen espazio publikoan. Hauxe da asteroko gure aldarrikapena”.

Basket Beats Borders proiektuaren baitako Real Palestine Youth F.C. nesken saskibaloi taldeak helarazi du Martxoaren 8aren bueltako aldarrikapen mezua, Beiruten dauden Sabra eta Shatila errefuxiatu palestinarren kanpalekuetatik. 



Saskibaloi talde hura Euskal Herrira ekartzeko Soraluzen ere bultzatzen diharduten diru bilketaren harira, jaki eta edari gozoz betetako otarra zozketatu berri dute. 2298 zenbakia izan da saritua eta Beatriz Maiztegiri egokitu zaio.

Oraindik ere eman daiteke proiekturako laguntasuna, Arrano eta Gaztelupe tabernetan eta Mari Mar harategian ipinita dauden itsulapikoen bitartez.

25.000 errefuxiatu 

Real Palestine Youth F.C. saskibaloi taldea Shatilako kanpalekuan jaiotako 15-20 urte bitarteko 11 neskak osatzen dute, eta “saskibaloira jolastuz beraientzako esparru propioa bereganatzea lortu dute” errefuxiatuen esparruan, eta hori ez da edozelako kontua. Izan ere, 1949an sortutako Shatilako kanpalekuan, adibidez, gaur egun, 25.000 lagun bizi dira kilometro karratu bakar batean, egoera guztiz gogor eta osasungaitzetan.

Orain dela bi urte, errefuxiatuen kanpalekuetatik kanpo jokatzea lortu zuten lehen aldiz, Italian, Basket Beats Borders izeneko proiektuari esker. Gauza bera egin zuten 2018an ere, eta 2019an Euskal Herrira ekarri nahi dute saskibaloi taldea, hemen joka dezan. “Proiektuaren izaera internazionala azpimarratzeaz gain, argi utziko dugu elkartasunak muga fisiko eta mentalak apurtzeko duen gaitasuna”, azpimarratu dute egitasmoaren laguntzaileek.

Eskerrona Shatilatik

“Elkarrekin jokatu nahi dugu, bata bestearengandik ikasiz, barre egin gure arteko antzekotasun eta ezberdintasunez. Mugarik gabeko mundua iristen den bitartean, Basket Beats Borders elkarrekin emango dugun urratsa izango da”, gaineratu dute.

Shatilatik, eskerroneko mezua ere helarazi dute, jasotako laguntasun guztia eskertzeko: “Thanks for the support”.