Errabal kaleko urbanizazio lanen etenaren bitartean Calonge kalekoak egingo dituzte. Hain justu, Errabaleko obrak egiten dabilen Artzamendi enpresak egingo ditu baita Calongekoak ere.
Martxo amaiera aldera hasiko diren lanen helburua da Calonge kaleko 1 eta 2 atarietako bizilagunak etxera eskailerak erabili barik iritsi ahal izatea bermatzea. Eta horretarako, bertan dauden eskailerak kendu eta arrapalak ipiniko dituzte haien ordez.
Lanak faseka
Lanak zatika egingo dituztela jakinarazi zieten bertako auzokideekin egindako batzarrean, hain zuzen ere, bizilagunei etxera sartzeko bidea uneoro bermatu ahal izateko. Lanok hilabetean bukatuko dituztela da aurreikuspena. Eta 24.000 euroko inbertsioa egingo du Udalak. Arrapalak ipintzeaz batera, kalea jasoko dutela aprobetxatuta, uren hoditeria berritu egingo dute.
Bizilagunekin egindako batzarrean, hainbatek eskatu zuten behin obretan hasita, lanak handitu eta elizaren aldaparaino arrapalak ipintzea, eskailera guztiak kentzeko. Baina udal ordezkariek esplikatu zuten oraingo hau irisgarritasuna bermatzeko proiektua dela, udalerriko lanak Udalaren baliabide ekonomikoen arabera egiten direla, faseka. Eta okerren dagoenari ematen diotela lehentasuna.