Gazteak laneratzen laguntzeko Hazilan programarako izen-ematea zabalik

Ubane Madera 2019ko mar. 13a, 09:10
Hainbat gazte Hazilan egitasmoan parte hartzen. Argazkia: Debegesa.

20 eta 44 urte bitarteko gazte langabeei zuzendutako Hazilan programaren seigarren edizioan izena emateko epea zabaldu dute. Goi mailako ikasketak bukatuta dituzten gazteak laneratzea du helburu egitasmoak. Prestakuntza pertsonalizatua eta enpresetan praktikak egiteko aukera eskaintzen du Debegesaren ekimen horrek.

Debegesa Garapen Agentziak jakinarazi duenez, gazteak laneratzen laguntzeko Hazilan programaren seigarren edizioa abiarazi du Debabarrenean. Egitasmoa eskualdeko 20 eta 44 urte bitarteko gazte langabeei zuzenduta dago, goi mailako ikasketak bukatuta dituztenei. Hain justu, gazte horien laneratzea du helburu egitasmoak.

Praktikak egiteko aukera

Eta bide horretan, lehen fasean, gazteen gaitasun pertsonalak eta profesionalak hobetzeko trebakuntza jasoko dute, lan mundura sartzea erraztuko dieten erreminten bitartez, eta proiektuen kudeaketa arloko ezagutza eta trebezia landuko dute metodologia berritzaileen bidez.

Bigarren fasean, enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute. Honela, lan munduko errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Hori guztia egingo dute maiatza eta ekaina bitartean.

Izena emateko

Programaren xehetasunak azaltzeko eta zalantzak argitzeko informazio saioa egingo du Debegesak martxoaren 28an, 11:00etan, Armeria Eskolan, Eibarren, ABIAN Lanbide Heziketa Azokaren baitan. Programan parte hartzeko , berriz, www.debegesa.eus webgunearen bitartez eman daiteke izena.

Debabarreneko garapen agentziak jakinarazitakoaren arabera, orain arte egin dituzten bost edizioetan 66 lagunek hartu dute parte (39 emakumezkok eta 27 gizonezkok), eta horietatik 41 lagunek lana aurkitu dute programa amaitu eta lehen sei hilabeteen barruan.

Hazilan proiektua Euskadiko Programa Operatiboaren baitan kokatzen da eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du %50ean.