“Hauteskunde kanpainan ez gaituzte isilaraziko”

Ubane Madera 2019ko mar. 12a, 09:57

Pentsioen alde atzo egindako elkarrateratzean 90 bat herritarrek parte hartu zuen.

Hiru albisteren berri eman zuten atzo: BBVAren arabera, urtean 1.843 euroan jaitsi beharko litzateke pentsio bakoitza; EPA inkestaren arabera, astero 2,96 milioi lanordu egiten dira ordaindu barik eta Diario Publico egunkariaren arabera, hiru urteotan 2.000 milioi ordu sartu dira urtero kotizatu barik. Pentsiodunek abisatzen dute apirilean eta maiatzean gogorrago ekingo dutela pentsio duinen defentsan.

Datuz jantzi zuten atzo, astelehena, pentsio publiko duinen alde egindako elkarretaratzea. 90 bat herritarrek babestutako protestan, hiru albiste partekatu zituzten bertaratutakoen artean, pentsio duinak posible direla azpimarratzeko salaketa modura:

  • 1- BBVAk egindako txosten baten arabera, Gizarte Segurantzaren kontuak orekatzeko 1.843 euroan gutxitu beharko litzateke urtero pentsio bakoitza. Bada, pentsiodunen mugimenduak salatzen du horixe dela, hain justu, azken erreformarekin lortu nahi dutena. Eta jakinarazi zuten, horren parean aldarrikatzen duten 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren negoziazioan ez dutela aurrera egiterik lortu Madrilen, hauteskundeak pasatu arte ez dutelako pentsioen gaineko erabakirik hartuko politikariek.
  • 2- Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera (EPA gazteleraz) Estatuan urtero 2,96 milioi lanordu egiten dira kotizatu eta ordaindu barik. Lan-jardun osoko 74.000 lanposturen pareko datuak dira horiek.
  • 3- Diario Publico egunkariaren arabera, hiru urteotan 2.000 milioi ordu sartu dira urtero kotizatu barik. Bestela esanda, 14.000 euroko iruzurra egiten zaio altxortegi publikoari, 10.000 euroko kotizazioak galtzen dira eta 4.000 milioi euro PFEZn.

Protestak indartu

Halaber, salatu zuten hori guztia “lapurtu” diotela “eskrupulu bako” enpresariek Gizarte Segurantzari eta pentsiodunak halakoen aurrean errebelatu egiten direla. Are gehiago, pentsiodunek abisatu zuten apirilean eta maiatzean gogorrago ekingo dutela pentsio duinen defentsan: “Hauteskunde kanpainan ez gaituzte isilaraziko”.