11 puntutan handitu da gaikako hondakinen bilketa Soraluzen

Ubane Madera 2019ko mar. 11a, 10:15

Mankomunitateko ordezkariak edukiontzien aurrean, Eibarren.

%36,46tik %47,45era handitu da Soraluzen hondakinen gaikako bilketa edukiontzien sistema berritu zenetik. Hala ere Soraluzekoak jarraitzen du izaten Debabarrenean bigarren daturik kaskarrena. Izan ere, oraindik ez da ailegatzen 2020rako Europak ipinitako helburura: hondakinen gaikako bilketak izan behar du %50. Eskualdean, oro har, %53,55era iritsi da kopurua.

Soraluzek jarraitzen du izaten, Ermuaren ondoren, Debabarrenean hondakinak gaika gutxien sailkatzen duen udalerria. Halaxe erakusten dute Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak helarazitako hondakinen sailkako bilketaren azken datuek.

Hori bai, Soraluzekoa da, era berean, gehien aldatu den datua, onerako, kasu honetan: ia 11 puntutan handitu da berau. Hala ere, oraindik Europak 2020rako ezarritako %50eko helburura ez da ailegatu.

Hain zuzen ere, eskualdeko bi udalerrik ez dute lortu helburu horretara iristerik: Ermuak (%44,62), eta Soraluzek. Gainontzeko udalerri guztiek gainditu egin dute Europako helburua, eta batez beste, Debabarrenean %48,88tik, gaikako bilketa igo da %53,55 izatera.

Udalerriak banan-banan

Udalerriz udalerri, honakoa da hondakinen gaikako bilketaren datuen garapena, 2017tik 2018ra:

  • Mutriku: %57,75 - %65,72
  • Deba: %54,07 - %61,78
  • Eibar: %49,10 - %56,18
  • Mallabia: %50,62 - %52,34
  • Elgoibar: %51,10 - %51,50
  • Mendaro: %47,84 - %50,58
  • Soraluze: %36,46-  %47,45
  • Ermua: %39,12 - %44,62
  • Debabarrena: %48,88 - %53,55

Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateko ordezkariek helarazi zituzten datuok joan den barikuan. Azpimarratu zuten lehen aldia dela Debabarrenean, oro har, gaikako bilketak errefusaren kopurua gainditzen duena. Are gehiago, 2013. urtearekin alderatuta, kopurua bikoizteko bidean doa: %29,62tik %53,55era.

Pertsonako 431 kilo

Beraz, datuen gaineko balorazio positiboa egin zuten. Hala ere, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateko presidente Arcadio Benitezek adierazi zuen emaitzak onak izan arren, hobetzen jarraitu beharra dagoela: “Mankomunitateak bitartekoak jarri ditu eta zifrak onak dira, baina gizartea sentsibilizatzen jarraitu behar dugu are gehiago parte har dezan”.

Hondakinen batez besteko sorrerari dagokionez, 2018an Debabarreneko bizilagun bakoitzak 431 kilo hondakin sortu zituen, horietatik 231 gaika batu ziren eta gainontzeko 200 kiloak errefus modura.