Zapatuan ere jarraituko dute dirua batzen Shatilako saskibaloi taldearen alde

Ubane Madera 2019ko mar. 7a, 19:38
Shatilako saskibali taldearen aldeko diru bilketa.

Gaur iluntzean, eguena, Zubi Nagusira eraman dute Shatilako nesken saskibaloi taldea ekartzen laguntzeko elkartasun eskaera. Jaki gozoz betetako otarraren zozketa baliatuta, zapatuan ere izango dira diru bilketa egiten.

Libanoko Shatila errefuxiatuen esparruko Real Palestine Youth F.C nesken saskibaloi taldea Euskal Herrira jokatzera ekartzen laguntzeko elkartasun kanpainak aurrera segitzen du.

Gaur, eguena, Zubi Nagusian izan dira dirua biltzeko txartelak saltzen, eta gauza bera egingo dute zapatuan.

Euskal Herrira

Basket Beat Borders izeneko proiekturako dabiltza, hain zuzen, bestelako udalerri batzuetan moduan, Soraluzen ere dirua batzen. Proiektu hori 2017an abiarazi zuten Erroman eta Beiruten. Helburua zen Shatilako Real Palestine Youth F.C. saskibaloi taldeari errefuxiatuen esparrutik kanpo jokatzeko aukera ematea. Eta lortu egin zuten, bi urtez lortu ere. Iaz, esaterako Erroman jokatu zuten. Aurten, 2019an esperientzia errepikatu egin nahi dute, oraingo honetan, Euskal Herrian. 

Real Palestine Youth F.C. Shatilan jaiotako 15-20 urte bitarteko 11 neskak osatutako taldea da, eta saskibaloira jokatuz, esparru propioa bereganatzea lortu dute Shatilako errefuxiatuen esparruan. Bada, hain justu ere, bide horretan lagundu egin nahi diete oraingo elkartasun kanpainaren bitartez.