Soraluze ‘Patria’ grabatzeko prestatzen

Ubane Madera 2019ko mar. 7a, 16:05
Zubi Nagusia beltzez margotzen.

Goizean hasi eta arratsaldeko lehen ordurako bukatu dute ia Zubi Nagusia beltzez margotzen. Asmoa da datozen orduotan gauza bera egitea Kalebarrenen eta Santa Ana kalean. ‘Patria’ telesailerako dabiltza erdiguneko kaleen kolore gorria beltzez margotzen. Ildo beretik, Errabaleko obrei dagokienez, martxoa amaierarako lanik handienak bukatzeko asmotan dabiltza.

Soraluzeko erdiguneko kaleak beltzez margotzen hasi dira gaur, eguena, haiek duten kolore gorria ez dator-eta bat 80.-90. hamarkadetako kaleek zuten kolorearekin. Datozen egunotan bestelako eraldaketa batzuk ere sumatuko dira erdigunean. Izan ere, ’Patria’ telesaila grabatzen hasteko geroago eta gutxiago falta da, eta herria egokitzen ibiliko dira.

Grabazioetarako data zehatzik ez dute oraindik jakinarazi, martxoa amaiera aldera hasiko direla, ezustekorik ezean. Eta hain zuzen ere, ildo beretik dihardute lanean Errabaleko urbanizazio lanetan.

Zolatze lanak

Udaleko eta obretako ordezkariek gaur egin duten batzarrean berba egindakoaren arabera, obrak bide onetik doaz, eta asmoa da hurrengo aste amaieran zolatze lanekin hastea, jakina, eguraldiak lagatzen badu. Ondoren, zubian dagoenaren moduko losa grisa ipintzen hasiko dira, zenefatik etxeen kontraraino. Helburua da martxo amaierarako lanik handienak eta eragozpenik handienak sortzen dituztenak bukatutzat ematea, ondoren ‘Patria’ telesailaren grabaketekin hasteko.

Berriro gorri

Behin grabazioak bukatuta, dena lehengora bueltatuko dute. Eta, besteak beste, udalerriaren erdiguneak kolore gorria berreskuratuko du. Izan ere, erdiguneak gaur egun duen itxura oinezkoen gune izateak ematen dio. Kalea gorria da, gidariei, eta oro har, jendeari ohartarazteko oinezkoen gunean sartzen dela eta lehentasuna oinezkoek dutela autoen aurrean. Hain justu, horrexegatik dituzte erdiguneko kaleek koskatxoak, horrek abiadura murriztera behartzen duelako.

Horrez aparte, behin grabazioak bukatuta, Errabal kaleari dagozkion erremate-lanak ere egingo dituzte, eta hari ere inprimaki gorria ipiniko diote, erdigunekoa modukoa.