Zuzendaritzarako kide berriak aukeratu dituzte Itxaropena Erretiratuen Elkartean

Ubane Madera 2019ko mar. 7a, 10:38
Itxaropena erretiratuen elkarteko batzar orokorra. Argazkia: Itxaropena

Itxaropena Erretiratuen Elkarteak zuzendaritza batzorde berria izango du datozen bi urteotarako. Urteko batzarrean onartutakoaren arabera, M. Pilar Oregi, M. Ines Tornos, J. Andres Txintxurreta eta Angel M. Catalan izango dira kide berriak. Horrez aparte, urteko jarduna eta kontu ekonomikoak ere izan zituzten aipagai. Gaur egun 589 bazkide ditu Itxaropenak.

Martitzenean egin zuten 2018. urteari dagokion batzar orokorra Itxaropena Erretiratuen Elkartean. 98 bazkide bertaratu ziren eta mahai gainean hainbat gai izan zituzten aztergai, tartean, zuzendaritza aldaketa eta urteko kontuak eta jardunak.

Kide berriak

Hori horrela, eta lehen puntuari dagokionez, eskua altxatuta egin zuten zuzendaritza batzordeko kide berrien aukeraketa, eta honakoek eskuratu zituzten boto gehien: M. Pilar Oregik, M. Ines Tornosek, J. Andres Txintxurretak eta Angel M. Catalanek. Azken horiek ordezkatuko dituzte Maria Luisa Gantxegi, Elena Vega, Sergio Zabala eta Iñaki Quintanilla. Bi urterako hartu dute kargua kide berriek.

Bestalde, urteko kontuei dagokienez, 19.400 euroko aurrekontua aurreikusi dute 2019rako. Kopuru horrekin, besteak beste, kultura ekimenak, 80 urtetik gorakoen bazkaria, karta-joko lehiaketa, gastronomia lehiaketa eta abar antolatzen dituzte.

589 bazkide

Itxaropena Erretiratuen Elkarteak 589 bazkide ditu gaur egun. 2018an 32 bazkideren baja eta 18 bazkideren alta izan zituzten. Udalarekin izandako harremanari dagokionez, “egokia” izan dela baloratu dute. Eta besteak beste, jakinarazi dute wi-fi zerbitzua mantentzen segituko dutela.