Martxoaren 8rako apenas bi egun geratzen diren honetan, geroago eta nabariagoa da gertutasun hori. Horren erakusle, atzo auto-karabana egin zuten Bergaratik Soraluzera, eta udalerriaren erdigunetik ere pasatu ziren bozinaka.
Umeendako bazkaria Lagun Maitea elkartean
Bestalde, barikuan egingo diren ekitaldien artean, emakumeen bazkari autogestionatua izango da. Bada, gizonezkoak ere lagun izango dira ekimen horretan, ze udalerriko hainbat gizonezkok jakinarazi dute ekimena gauzatzen laguntzeko gertu daudela, hain justu, bertan parte hartuko duten emakumeen umeei bazkaltzen ematen.
Horietako batek esplikatutakoaren arabera Lagun Maitea elkartean emango diete bazkaltzen umeei. Era horretan, “emakume artean lasai bazkaltzen egoteko aukera” bermatzeaz aparte, gizon izanda, “zerbait sinbolikoa” egingo dute Martxoaren 8ko greba babestuz eta lagunduz.
Izena eman behar da
Hori bai, eskatu dute parte hartu behar duten umeek ahalik eta lasterren eman dezatela izena, “erosketak bihar egiteko (eguena), kontuan hartuta barikuan kontsumo greba ere badela”. Horrez aparte, gaineratu dute “lanerako beste gizonezkoren bat ere animatuko balitz, gustura hartuko” dutela laguntasun hori.
Izena emateko: 688 60 34 75 zenbakira deitu edo whatsappez abisatu.