Protesten azken astea, oraingoz

Ubane Madera 2019ko mar. 5a, 15:07
Mesedeetako egoitzako hainbat langile protestan, atzo, astelehena.

Atzo, astelehena, atzera ere izan ziren Plaza Berrian elkarretaratzea egiten Mesedeetako egoitzako hainbat langile. Eguenerako dute, hain justu, Soraluzeko hurrengo hitzordua. Eta domekan bukatuko dute greba.

Otsailaren 20an hasi zuten protestaldi gogorragoa Gipuzkoako egoitzetako langileek eta domekan amaituko da berau.Tartean elkarretaratzeak eta manifestazioak egin dituzte, eta baita greba ere, tokian tokiko egoitzetan.

Horrela egin dute ere Soraluzeko Mesedeetako egoitzan, ELA sindikatuak deituta. Eta atzo berriro ere izan ziren Plaza Berrian euren aldarrikapenengatik protestan bertako hainbat langile. Greban ere badihardute, txandaka, egoitzako zerbitzu minimoak bermatzeko.

Ondo zainduta

Hain justu, eta horren harira, egoitzako zuzendaritzak azpimarratu nahi du grebak jarraipen handia izan arren, gutxieneko zerbitzuak zorrotz betetzen dabiltzala, eta hainbat arlotan gutxieneko zerbitzuak baino gehiago ematen dabiltzala.

Era berean, jakinarazi dute greba kontuan hartuta, egoiliarren beharren araberako lehentasunak ezarri dituztela lanak antolatzerako orduan. Adibidez, jarduera gutxiago dabiltza antolatzen, egoiliarren oinarrizko beharrak asebete ahal izateko, edo greba hasi denetik behin erabiltzeko platerak dabiltza erabiltzen, garbitasuna bermatzeko.  

Hobekuntzak

Kontuak kontu, protestan diharduten langileek eskatzen dutena da, besteak beste, 2016az geroztik izoztuta dituzten soldatak eguneratzea; langileen antzinatasuna kontuan hartu eta soldatan aitortzea; norbere beharretarako hiru egun hartzeko eskubidea izatea; egunean ordaindutako 20 minutuko atsedenaldia egin ahal izatea; eszedentziarako eskubidea izatea10 urte bitarteko seme-alaben kasuan eta, lan-jarduna murrizteko eskubidea haiek 15 urte izan artean.