Bortxaketak, ukituak, berba lizunak, errespetu faltak… denetariko kontakizunak jasotzen ditu atzo, astelehena, zabaldu zuten Ozen Esan Zan erakusketak. Martxoaren 16ra arte izango da ikusgai, Herriko Antzokian.
Korner Morea Elkarte Transfeministaren eskutik, #MeToo testuinguruaren baitan jasotako Soraluzeko emakumeen eta neska gazteen lekukotasunak dira. Atentzioa ematen du, hain justu, kontakizun horietako zenbat egiten dituzten neska gazteek. Eta jakina, deigarria da ere, askoren gogortasuna.
Egunero
Ozen Esan Zan erakusketarekin hasiera ematen diote, bada, M8aren bueltan antolatutako ekintzaz betetako asteari. Hain justu, gaur 18:00etan Bergaratik abiatuta, eskualdeko emakumeen auto karabana egingo dute, Eibarreraino.
Eguenean, berriz, 20:00etatik aurrera Ekintza Feminista iragarri dute, eta 21:00etan, berriz, Arantxa Etxebarriaren Carmen Y Lola pelikula proiektatuko dute, 21:00etan, Herriko Antzokian.
Eta ya barikura iritsita, greba feministarekin batera, 12:00etan mobilizazio zaratatsua izango da. Bertan, besteak beste, pankarta eta aldarrikapen orokorraz aparte, pankartak eramango dituzte baita ere, gazteek eta erretiratuek, bakoitzak berea, adin bakoitzari dagozkion aldarrikapenak egiteko.
14:00etan, berriz, emakumeen bazkari autogestionatua izango da, Plaza Zaharrean. Eta eguna borobiltzeko, 19:00etan iragarri dute ekitaldi nagusia, Plaza Zaharrean.
Antzerkia eta hitzaldia
Barikuan, baina, ez dira Martxoaren 8aren bueltan antolatutako ekitaldiak bukatuko. Izan ere, zapatuan, Atx Teatroa taldearen Tomiris antzezlana izango da, 19:00etan Herriko Antzokian. Eta bukatzeko, martxoaren 22an, Oneka emakume pentsiodunen elkarteak Emakumea eta Pentsioak izenburua duen hitzaldia eskainiko du, osoko bilkuren aretoan, 18:30ean.