Herri batzarrean eman zuten kiroldegian egin behar dituzten handitze obren berri, joan den eguenean. Bertan gogora ekarri zuten moduan, kiroldegiaren terrazari solairu bat gehituta, 450 metro koadro gehiago irabaziko dituzte. Eta horri esker, kirol jardueretarako espazio gehiago bideratzeko moduan izango dira.
Hain justu ere, gimnasio eta spining gela berriak, erabilera anitzeko beste gela bat, komunak eta takillak egokituko dituzte terraza gainean sortuko duten solairu horretan. Eta era berean, orain arte kirol jardueretarako erabiltzen ziren hainbat areto kultura ekimenetarako erabiliko dira, behin obrak eginda.
Espazio gabezia
Solairu berria gehitzeko 568.000 euroko inbertsioa egin beharko dute; eta kopuru horretatik 250.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak emango ditu Udal Gobernuak esplikatutakoaren arabera.
Azken horrek esandakoaren arabera, gaur egun instalazioak dituen espazio-gabeziari konponbidea emate aldera abiatuko du Udalak handitze proiektua, kiroldegia txiki gelditu baita dituen 950 erabiltzaileei zerbitzua behar den moduan emateko.