Herritar ugari eta giro aparta Zuhaitz Egunean

Ubane Madera 2019ko ots. 26a, 10:05

70 lagun pasak parte hartu zuen domekan Urkia Zelain 30 pago landatzen, Zuhaitz Egunaren baitan. Zuhaitzek duten garrantziaren gaineko azalpenen ondoren sartu zituzten kimuak, udal langileen eta bestelako adituen laguntzarekin. Luntx ederrarekin borobildu zuten jarduna.

09:15ak aldera Plaza Berritik abiatu, eta mendiko bidezidorretatik zehar, 10:45erako ailegatu zen lehen mendizale taldea Urkia Zelaira. Ordurako ja guztia gertu zegoen bertan: landatu beharreko pagoak, haiendako zuloak eginda eta ongarri izango zuten konpostez betetako bi poltsa.

Arbolen onurak

Ingurumen teknikariaren eskutik zuhaitzen garrantziari buruzko azalpenak entzun zituzten lanean hasi aurretik. Izan ere, arbolak oxigeno sortzaile dira, lurrari eusten laguntzen diote sustraiei esker, hainbat animaliaren bizitoki dira, lurzorua elikatzen dute hostoekin (humusa…) eta beste makinatxo bat onura dituzte.

Arrakasta handia

Eta horren ondoren, taldeka banatu eta gogor ekin zioten lanari umeek, gazteek eta helduek, 70 bat lagunek guztira, eguraldia lagun, pago kimuak hesolen barruan ondo sartuta laga nahian. Egun borobilari amaiera borobila emateko, Izai elkartean prestatutako luntxaz gozatu zuten.

Soraluzeko Udalak ekimenaren balorazio oso positiboa egin du: “Egun honek arrakasta handia lortu baitu beste behin ere, herritarren eta batez ere, gaztetxoenen parte hartze handiarekin. Soraluzeko Udalak eskerrak eman nahi dizkie bertaratutako guztiei”.