Bertan behera geratu da biharko eskola jangeletako greba

Erredakzioa 2019ko ots. 25a, 13:37
Jangelako langileen protesta mezua.

Langileen ordezkarien gehiengoak babestu egin du sindikatuak eta patronalak joan den astean adostutako akordioa.

Ostiral arratsaldean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola jangela publikoetan lan egiten duten catering enpresetako langile batzarrek berretsi egin zuten ostegunean LAB, UGT eta CCOO sindikatuek patronalarekin lortutako akordiorako oinarria. Gaur goizean sinatu da behin betiko akordioa, Lan Harremanen Kontseiluaren Bilboko egoitzan. Hiru sindikatuok gehiengoa dute negoziazio mahaian. Beraz, bertan behera geratu da biharko deituta zegoen greba deialdia. 

Akordioaren arabera, besteak beste, catering enpresetako langileek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko sukaldarien soldata bera kobratuko dute irailetik aurrera; langile laguntzaileen soldata %98an parekatuko da. Datozen urteetan, %99an ibiliko da parekatzea, 2023ko urtarrilean erabatekoa lortuko den arte. Era berean, langile publikoei soldata igotzen zaien aldiro, catering enpresetakoei ere igoko zaie hurrengo hiletik aurrera. 

Horrez gainera, beste neurri batzuk ere adostu dituzte. Adibidez, seme-alabak medikuarenera laguntzeko denbora adostu dute. Kanpaina amaierako osagarrian lan efektibotzat joko dira gaixoaldi baten ondorioz izandako egunak ere. Eta hamar eguneko eszedentzia zatitzeko aukera izango dute langileek, hiru alditan. 

ELA sindikatuak gogor kritikatu du LABen jarrera. "Amore eman" izana egotzi dio. "Langileek erabaki dute borrokatzeko garaia dela, eta LABek eragotzi egin die akordio txar hori sinatuta. Batzarretan adierazitako ia ezer ez du jaso, 2023an izango den homologazioa kenduta. Ez dugu ulertzen nola 30 batzar behar izan ziren greba deialdia erabakitzeko, eta orain batzar bat bera ere egin gabe LABek bertan behera utzi duen", kexatu da ELA, hedabideetara bidalitako ohar batean.

Artikulu hau Berria.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.