- 100 urte geroago atzera ere Elosua-Plazentzia Estazio Megalitikoan zaudete lanean. Zein da, esparru horren singularitatea berriro ere bertaratzeko?
- Gipuzkoan eta Euskal Herrian halako beste adibide mordoa badaude. Hor daudenak ez dira megalitorik handienak, ez zaharrenak eta ezta ere material gehien ematen dutenak. Da multzo trinkoa, konpaktua, geografikoki ondo mugatua dagoena, eta eskualde aberats batean kokatuta dagoena. Gure Historiaurrea berreraikitzeko, Prehistoria zaharrenari dagozkion aztarnategi zaharrak baditugu. Mesolito garaikoak (azken ehiztarien garaikoak) ere badaude. Baina lehen partekoak, Neolitokoak ez daude asko, eta arbaso haien bizimodua zelakoa zen jakiteko joaten gara dolmenetara. Euskal Herrian eta Gipuzkoan dagoena kontuan hartuta, Elosua-Plazentzia Estazio Meglitikoa da oso aztarnategi multzo konpaktua, ondo mugatutakoa Urola eta Deba bailara artean. Horrez guztiaz gainera, urte askoan ez da ezer egin multzo horretan. Bagenekien aurretik ingurua nahiko kaskartuta zegoela, baina ikerketa berriagorik ez da egin, eta beti geratzen da aztarnaren bat. Beste faktore bat: bailarako erakundeek, (Udalek eta Debegesak)… interesa zuten buelta emateko, eta hori inportantea da ikerketari dagokionean. Inork ez badu lana bultzatzen, inork ezin du ezer ere egin. Aukera ezin-hobea ikusi eta lanean hasi ginen.
- 21 monumentu megalitiko daude han; 14 Barandiaranek, Egurenek eta Aranzadik indusi zituzten. Zeuek Gizaburuagakoa indusi duzue, eta Irukurutzetako aztarnategian ere egin duzue lan. Zelako emaitzak eskuratu dituzue?
Hiru multzotan bana ditzakegu:
- Balore arkitektonikoa: Orain arte ez zeuden ondo deskribatuta bertako monumentuak. Orain aztertzen gabiltza trikuharri ezberdinak eraikitzeko zelako estrategiak erabili zituzten. Adibidez, ikusi da trikuharriek beti dutela ganbera bat harri zabalez egindakoa, taparekin, eta ortostatoetan edo zutarrietan eutsita; eta egitura horiek bilduta egoten dira harrizko tumulu baten barrenean. Aztertu dugu zela egiten ziren halakoak teknikoki, zela egiten zuten harlauzak lurrean sartu eta bata bestearen ondoan eusteko, eta tumulua zela ipintzen zioten gainean. Arlo teknikoari dagozkion datuak jaso ditugu.
- Materialak: Asko ez da azaldu. Ze trikuharri gehienak puskatuta zeuden. Jendea mendetan altxorren bila ibili da han. Emaitza politak eman dituena, pieza gehien, Gizaburuaga da: silexko izugarrizko pieza multzo polita eman ditu (mozteko erremintak, gezi punta modura erabiliko ziren piezak…). Lurrontzien kasuan ere lortu dira arrasto dezente, eta lortu da zati askorekin ia ontzi bat osorik muntatzea. Horri esker, forma hobeto ezagutu dezakegu, diseinua ere bai eta analisien arabera, ontziak egiteko lurrak eta mineralak nondik hartu eta zeratarako erabili diren ere jakin dezakegu. Eta materialen artean aurkitu ditugu ere hezurrak krematuta (erreta). Ze nahiz eta trikuharriak izan ehorzketak egiteko, hau da, hildakoak osorik sartzeko, denbora pasa ahala, erritoak aldatu eta kremazioa sartu zen. Fenomeno hori ez dugu ondo ezagutzen; ekialdean (Piriniotan eta Oria bailaratik ekialdera) cromlechak dira intzinerazioko hilerriak, mendebaldean apenas ez da ezagutu halakorik. Gizaburuagan, berriz, lotzen dira hasierako erritoa (inhumazioa) eta azken erritoa (kremazioa). Metala ere azaldu da, eta horrek ere kokatzen gaitu Historiaurreko azken momentuan, Metal Aroan.
- Ingurumenari eta kronologiari begira. Minerala, ikatz zatiak… aurkitu ditugu eta halakoak baliagarriak dira berreraikitzeko zelako paisaia egongo litzatekeen garai hartan, zelako basoa… Garrantzitsua da hori, trikuharria sortzen delako nekazaritza sortzen denean; beraz, garrantzitsua da jakitea zela gestionatzen zuten ingurua: lurrak zela banatzen zituzten sorotarako, basoetarako… eta kronologiaren aldetik datazio batzuk ere baditugu uste baino zaharragoak, baina oraindik zalantza batzuk baditugunez, oraingoz hobe itxarotea; bidali ditugu lagin batzuk Ameriketara datatzera, Miamira (Floridan).
- Aurkikuntza horiek guztiak non aztertzen dituzue?
Hori egiten da Aranzadiko egoitzan, eta materiala hainbat adituren eskuetan ipintzen da. Adibidez, giza-hezurrak aztertzeko, bereizteko, zelako patologiak zituzten ikusteko… Lourdes Errastik eta Paco Etxeberriak aztertzen dituzte. Erretako ikatzak, haziak eta gainerakoak Monika Ruiz Alonsori bidaltzen dizkiogu (Madrilen diharduen Bilboko doktore bati). Myriam Cubasek aztertzen ditu, berriz, zeramika ontziak, (haien diseinuaz eta dekorazioaz aparte, zelako mineralekin egin diren, ze tenperaturatan egosi diren… aztertzen du). Eta harrizko tresnekin neu arduratzen naiz: zelako piezak egin zituzten silxearekin nondik datorren silexa eta gainerakoak…
- Ikusgarri dago Arribiribileta; ikusgarri dago ere Keixetaegia Hegokoa. Halako gehiago egiteko aukerarik bada? Edo, zer egin daiteke hor goian dagoena herritarrei helarazteko?
- Nola dibulgatu guk ez dugu erabakitzen. Guk edukiak ematen ditugu. Horiek zela aurkeztu eta komunikatu dago Soraluzeko, Bergarako eta Elgoibarko Udalen eta Debegesaren eskuetan. Edozein modutan, aurten asmoa da beste trikuharri batean edo bitan esku hartzea. Ze helburu orokorra da batasuna ematea estazio osoari: Dolmenen ibilbidera edozein bidetik sartuta ere, gutxienez, edozeinek izan dezan adibide bat edo bi ikusteko aukera. Bestela esanda, planteamendua da multzo guztiari zentzua ematea. Horrek ez du esan nahi trikuharri guztiak indusi behar ditugunik. Denbora eta dirurik ez dago horretarako, eta kasu askotan materialik ere ez litzateke apenas eskuratuko. Aukera gehien eman ditzaketen kasuak aukeratu behar dira. Multzo osoa interpretatzeko lan egin behar dugu. Aranzadi Zientzia Elkarteak proposamenak egingo ditu, megalitotegi osoa balioan jartzeko. Guk proposamenak egingo ditugu alderdi zientifikotik, baina erakundeek erabakiko dute zer egin, alderdi zientifikotik aukerarik onenak zehaztuta. Garapenaren aldeko interesak badaude: turismoa sustatzea, ondarea balioan jartzea… hori zela egin elkarlanean erabakiko dugu.
- Noiz bueltatuko zarete mendi-gainera lanera?
- Baimen administratiboak eskuratu bezain laster. Aurtengo proiektuaren zirriborroa ja eginda dago,
tokatzen da zehaztea non eta noiz sartu behar garan, eta Diputazioak baimena ematean hasiko ginateke lanean. Egokiena da udaberri-uda aldera bertaratzea, eguraldiarengatik. Eta nahiko genukeelako ere eskolako umeei bertara bisitan joateko aukera zabaltzea.
- Zenbait irauten du kanpaina batek?
- Kanpainak bi-hiru astekoak izaten dira. Lana fuerte egin behar da.
- Besterik nahi baduzu gaineratu…
Iaz boluntario batzuk etorri ziren, gogo handikoak (eskerrak eman nahiko nizkieke) baina nahiko genuke bertako jendea gehiago inplikatzea eta harro sentitzea. Udaberri bukaeran-uda hasieran egitea lortuz gero, ea bertako jendea eta bisitariak animatzen diren; horrela bada, askoz hobe. Adituak beti egoten gara, baina gainerakoen lana zuzendu egiten dugu, edozeinek parte har dezake, ez da ikasketa jakinik izan behar. Iaz, Bergarakoak, Soraluzekoak eta Donostiakoak ere izan ziren, ibili ginen zazpi bat lagun.