Autobus geltokia zubira ekartzeko lanak Errabaleko obrekin batera egingo dituzte

Ubane Madera 2019ko ots. 22a, 13:14
Atzo, eguena, udaleko eta obrako ordezkariek autobus geltokiaren kokalekuan egin beharrekoa aztertzen.

Atzo, eguena, Errabaleko obrak koordinatzeko astero egiten duten batzarrean, udal ordezkariek herri-galdeketaren erabakiaren berri eman zieten obrako arduradunei. Ondorioz, berehala hasiko dituzte geltokia Zubi Nagusian egokitzeko lanak. 

Iker Aldazabal alkateak esplikatutakoaren arabera, lehenengo eta behin, kenduko dituzte lur-azpiko edukiontzien egitura metalikoak, eta, gero, beteko dituzte haiek utzitako zuloak. Ondoren, gainazala hormigonatuko dute, autobusen pisuari behar bezala eutsi diezaion.

Markesina eta beste

Horrez aparte, autobus geltokiak izango dituen markesina, argi-puntua eta panel informatiboa ipintzeko argindar linea bi ere sartuko dituzte. Hori bai, Patriaren grabazioen ostean ipiniko dute markesina, telesailarendako eragozpena baita. 

Osterantzean, Errabaleko urbanizazio obra orokorrei dagokienez, asteon, Gila taberna aldera dagoen zanga hormigonatuko dute, espaloiko apaingarria ipintzen hasteko.