Egoitzako langileek protesta egin dute kalean

Ubane Madera 2019ko ots. 22a, 09:10

Egoitzako hainbat langile eta senide elkarretaratzean, atzo, eguena.

Mesedeetako egoitzako 20 bat langilek eta haien senideek elkarretaratzea egin zuten atzo, eguena, Plaza Berrian. Martxoaren 10era bitartean, Soraluzen, Deba eskualdean zein Gipuzkoa mailan 19 egunetako grebarekin batera egingo dituzten mobilizazioetako bat izan da. 

Gaurkoaz aparte, Soraluzen astelehenetan eta eguenetan egingo dituzte elkarretaratzeak. Beraz, hurrengo astelehenean elkartuko dira berriro ere, 19:00etan.

Lan-baldintzei lotutako eskariak

Protesta sorta honekin guztiarekin aldarrikatu nahi dutena da, besteak beste, 2016az geroztik izoztuta dituzten soldatak eguneratzea; langileen antzinatasuna kontuan hartu eta soldatetan aitortzea; norbere beharretarako hiru egun hartzeko eskubidea; egunero ordaindutako 20 minutuko atsedenaldia egin ahal izatea; eszedentziarako eskubidea izatea 10 urte bitarteko seme-alaben kasuan, eta lan-jarduna murrizteko eskubidea haiek 15 urte izan artean. 

Protestak Deba eskualdean

Eskualdean mobilizatzeko hainbat hitzordu ipini dituzte: domekan, otsailaren 24an, auto karabana egingo dute, 11:30ean Bergarako Eroskitik abiatuta. Martitzenean, otsailaren 26an, berriz, Eibarko Udaletxe aurrean elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan. Eta eguaztenean auto karabana abiatuko da Eibarko Eroskitik, 11:30ean. Martxoaren 5ean, berriz, 12:00etan Bergarako Udaletxe aurrean elkartuko dira eta martxoaren 6an, Arrasateko Eroskitik abiatuko da auto karabana. 11:30ean.

Gipuzkoa mailakoei dagokienez, otsailaren 25ean Diputazioaren aurrean elkartuko dira protesta egiteko. Eta martxoaren 1ean eta 10ean Donostian egin dute hitzordua, elkarretaratzea eta manifestazioa egiteko.