Kiroldegiko obren gaineko batzar informatiboa

Ubane Madera 2019ko ots. 22a, 11:06
Kiroldegiko terrazari solairu bat gehituko diote.

Udalak batzar informatiboa antolatu du Arane kiroldegia handitzeko proiektuaren nondik norakoen berri emateko. Datorren eguenean izango da, otsailaren 28an, arratsaldeko 18:30ean, antzokian. Batzarrean edozeinek parte hartu ahal izango du. 

Kiroldegiko obren gaineko batzar informatiboan azalpenak emango dituzte kirol teknikariak, kirol zinegotziak eta proiektua idatzi duen udal arkitektoak.

Soraluzeko Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu batzarrera, are gehiago kontuan hartuta 900-1.000 erabiltzaile dituela. Bereziki gonbidatu ditu herriko kirol eragileak.

500.000 euroko inbertsioa

Aurtengo udal-aurrekontuan 47.810 euroko partida zehaztu dute obraren ikuspegi teknikoa zehazteko (obra zuzendaritza…) eta beste 12.000 euro kiroldegiaren handitzetik eskuratuko diren lokalak egokitzeko. Kiroldegiko obrari esker 500 metro karratu irabaziko dira lokaletarako.

Horrekin batera, 500.000 euroko inbertsioa beharko dela aurreikusten da,  eta Udalaren eta Aldundiaren arteko akordio politikoak dioenaren arabera, erdia 250.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak emango du, zuzeneko diru-laguntza bidez.