Domekan abiaraziko dituzte M8aren bueltako mobilizazioak, eskualde mailan

Ubane Madera 2019ko ots. 20a, 19:35

Atzera kontaketa irudikatzen duen pankarta ipintzen atzo, martitzena.

Atzera kontagailu eta guzti ipini zuten atzo, martitzena, Plaza Berrian M8 Plataformako kideek, Emakumeen Nazioarteko Eguna geroago eta gertuago dagoela gogora ekartzeko. Horren erakusle, oraingo domekan Elorregin egin dute hitzordua, Deba eskualde mailako mobilizazioa egiteko.

Domekan, otsailaren 24an, 12:00etan, Elorregi “bailarako emakumeen martxaren” topagune bilakatuko da. Etxeko amantala eramateko eta zerbait morea jantzita eramateko eskatuta, M8aren bueltako lehen mobilizazioa egingo dute bertan.

Soraluzetik ere egin dute bertaratzeko deia: 11:00etan egin dute Estaziñoan elkartzeko hitzordua, Elorregira joateko autoak antolatzeko.


Eskualde mailakoa, baina, M8aren bueltan egingo dituzten ekimenen hasiera besterik ez da izango. Oraingo asteko astelehenean atzera ere elkartu da Soraluzeko M8 plataforma, eta martxoko egun askoan garatuko den egitarauari azken ukituak ematen jardun zuten, besteak beste.

Esaterako, hurrengo hitzordua martxoaren 1erako egin dute: Kontzejupean, M8an zer egin? Gizonentzako jarraibideak helaraziko dituzte. Eta beste ekimen bat aipatzearren, martoxaren 5ean, Bergaratik abiatuko den kotxe-karabanan parte hartzeko hitzordua egin dute.

Oneka, martxoren 22an

Bestalde, jakinarazi nahi dute asteleheneko pentsiodunen kontzentrazioan iragarri zela Oneka plataforma aurkeztu behar zutela barikuan Soraluzen. Bada, gaizki-ulertzea tarteko, esplikatu dute aurkezpen hori martxoaren 22an izango dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.