19 eguneko greba hasi dute egoitzako langileek

Ubane Madera 2019ko ots. 20a, 10:03
Egoitzakoen protesta iragarpena, industrialdean.

Gaur hasita, otsailaren 20tik martxoaren 10era bitartean, ELA sindikatuak greba egitera deitu ditu Gipuzkoako egoitzetako langileak. Eta Soraluzekoek bat egin dute protestarekin. Gaur hasi eta martxoaren 10era bitartean gutxieneko zerbitzuekin jardungo dute Mesedeetako egoitzan. Izan ere, bertan lanean diharduten 50 bat langile guztiek bat egin dute protestarekin, hiruk izan ezik.

Greba egiteaz aparte, mobilizazioz betetako egutegia ere iragarri dute Gipuzkoako egoitzetako langileek. Lurralde mailan egingo dituzte batzuk, eskualde mailan beste batzuk eta Soraluzen ere bai. Hala, gaur egingo dute lurralde mailako lehen protesta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Eta beste bat otsailaren 25ean. Eta martxoaren 1ean eta 10ean Donostian egin dute hitzordua, elkarretaratzea eta manifestazioa egiteko.

Lurralde mailako protestak

Inguruko protestei dagokienez, berriz, eskualdean ere hainbat hitzordu egin dituzte: domekan, otsailaren 24an, auto karabana egingo dute, 11:30ean Bergarako Eroskitik abiatuta. Martitzenean, otsailaren 26an, berriz, Eibarko Udaletxe aurrean elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan. Eta eguaztenean auto karabana abiatuko da Eibarko Eroskitik, 11:30ean. Martxoaren 5ean, berriz, 12:00etan Bergarako Udaletxe aurrean elkartuko dira eta martxoaren 6an, Arrasateko Eroskitik abiatuko da auto karabana. 11:30ean.

Soraluzeko protestei dagokienez, bihar eguena, eta astelehenean, elkarretaratzeak egingo dituzte Plaza Berrian, 19:00etan.

Protesta sorta honekin guztiarekin aldarrikatzen dutena da, besteak beste, 2016az geroztik izoztuta dituzten soldatak eguneratzea; langileen antzinatasuna kontuan hartu eta soldatan aitortzea; norbere beharretarako hiru egun hartzeko eskubidea; egunean ordaindutako 20 minutuko atsedenaldia egin ahal izatea; eszedentziarako eskubidea 10 urte bitarteko seme-alaben kasuan eta besteak beste, lan-jarduna murrizteko eskubidea haiek 15 urte izan artean.