Plaentxia Kantuan ekimenaren bigarren kantu-jira, barikuan

Ubane Madera 2019ko ots. 19a, 11:30

40 bat laguneko herritar taldeak kalez kale jardungo du kantuan barikuan, Plaentxia Kantua ekimenak egingo duen bigarren ekinaldian. 19:30ean Etxaburuetatik irten, eta erdigunean haizatuko dituzte rancherak, habanerak eta Euskal Herriko abestiak. Abestu nahi duen edozein gonbidatuta dago parte hartzera.

Begoña Txurruaren zuzendaritzapean eta Pablo Arruabarrena soinu-jolearen doinuek lagunduta, gertu daude 40 bat herritar Plaentxia Kantuan ekimenaren bigarren kantu-jira egiteko, barikuan.

Animatzen dena ongi-etorria

Euskarazko eta gaztelaniazko kantuak tartekatuko dituzte, rancherak, habanerak eta Euskal Herriko kantuak guztiak ere. Eta Etxaburuetatik abiatuta, erdigunean ibiliko dira kalez kale. “40 bat izango gara gu, gehi kalean elkartuko zaizkigunak”, esan du Begoña Txurrukak.

Hain justu, Plaentxia Kantuan ekimeneko abeslari taldean, oraingoz, gehienak dira emakumezkoak (8 gizonezko daude), eta 50 urtetik gorakoak. Astelehenero elkartzen dira Itxaropena elkartean, entseguak egiteko, 18:00etan. Eta talde irekia denez, parte hartu nahi duen edozein bertaratu daitekeela ekarri dute gogora.