Ekintzaileei zuzendutako dirulaguntzak

Ubane Madera 2019ko ots. 19a, 09:46

Debegesa Garapen Agentziaren egoitzarako sarrera.

23 dirulaguntza, edo bestela esanda, dirulaguntzatan 27.000 euro bideratuko ditu Lanbidek Debabarreneko ekintzaileendako. Horietako 15 laguntza izango dira enpresa ideia bat garatu nahi duten ekintzaileentzat; eta beste 8 enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten. Eskualdean Debegesak kudeatuko ditu dirulaguntza horiek, eta otsailaren 25ean zabalduko da eskaerak egiteko epea.

Hain justu ere, otsailaren 25etik martxoaren 1era bitarteko epea izango dute eskualdeko ekintzaileek Lanbideren dirulaguntzak eskatzeko. Bi motako laguntzak emango dituzte: negozio ideia lantzekoak, gehienez ere, 1.000 eurokoak izango dira ekintzaile bakoitzeko. Eta enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko, berriz, gehienez 1.500 euroko laguntza emango zaio sustatzaile bakoitzari.

Debegesa Garapen Agentziak esplikatutakoaren arabera, zenbateko horiek % 15 handituko dira sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada (eskaera aurkezten duen unean), eta beste %15 emakumezkoa bada.

Eskaerak non

Dirulaguntzetarako eskaerak Debegesan aurkeztu behar dira. Bete beharreko eskabide-orria eskuragarri dago debegesa.eus web atarian. Halaber, argibide gehiago 943 82 01 10 telefonora deituz edota ekintzaile@debegesa.eus e-postara idatzita eskura daiteke.

Edozein modutan, xehetasun gehiago behar izanez gero, informazio saia egingo dute Debegesan oraingo asteko barikuan, 12:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.