Emakumeen egoera eta pentsioekiko Legebiltzarraren jarrera salatu dituzte

Ubane Madera 2019ko ots. 18a, 15:07
80 bat herritarrek babestu dute gaur eguerdian pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzea.

Hainbat salaketa helarazi dituzte eguerdian pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean. Batetik, bertan den Martxoaren 8aren bueltan, emakumeen egoera salatu dute, askok “pentsio ziztrinak” edo “pentsiorik eza” dituztela azpimarratuta. Bestetik, Legebiltzarrean gaiari azken asteotan eman dioten trataera salatu dute.

80 bat herritar elkartu dira gaur eguerdian pentsio publiko duinak aldarrikatzeko elkarretaratzean. Eta bi salaketa partekatu dituzte protesta ekimena baliatuta.

Emakumeen pentsioak

Batetik, azaleratzen ez den emakumeen ezkutuko lanaren balioa jakinarazi dute: “PIBaren %8a, 82.500 milioi euro”. Eta horrekin batera, gogora ekarri dute emakume askok dituzten “lan eta soldata baldintza prekarioak” izateak “pentsio ziztrinak eta pentsiorik ez egotea” dakarrela ondorio modura.

Eta, salatu dute halako egoerak izanda ere, ezkutuan mugitzen dutela diru asko Estatu espainolean. Adibidez, “gastu militarrean urtean 20.000 milioi euro baino gehiago erabiltzen dira, hau da, aurrekontuetan agertzen denaren bikoitza. Egunero 47 milioi euro”.   

Herri Ekimen Legegilea

Bestetik, salatu dute baita ere, azken asteotan Eusko Legebiltzarrean gaia lantzerakoan hainbat alderdik izan duten “jarrera autoritarioa”. Jakinarazi dutenez, otsailaren 14an, aurrekontuekin lotuta egindako onarpenen artean, pentsioen igoerari zegokion puntua izan zen: “%4,5eko igoera pentsiodunen kasuan, hau guztia pertsona bakarreko familia unitateentzat 765 euro izango litzateke, oraingo osagarria 33 eurotan igotzea”. Bada, pentsiodunen mugimenduak igoera hori urrun ikusten du EHBildurekin negoziatutakotik, 18 euro gutxiago delako.

Eta jakinarazi dute, otsailaren 7an Legebiltzarrean atzera bota zutela 51.000 “sinaduraren bermearekin” aurkeztu zen Herri Ekimen Legegilea, “pobrezia eta esklusioaren aurka, gizarte prestazioen estaldura hobetu eta areagotzeko. Gasteizko Parlamentuan debatitzeko proposamena ukatu egin zen Gasteizko Gobernuaren eta PPren botoekin". Pentsiodunen mugimenduaren ustez jarrera hori "guztiz autoritarioa eta salagarria" da, "zaurgarritasun handienean dauden pertsonak bazter uztea". alegia.

Gaurko elkarretaratzea amaitzean, gogora ekarri dute datorren astelehenean manifestazio zaratatsua tokatzen dela, eta hain justu, “zarata egiteko” gailuak eramateko eskatu dute.