Guztia gertu dago bihar, astelehena, Eskola Bideari ekiteko

Ubane Madera 2019ko ots. 17a, 12:45

Oinatz gorriak lurrean marraztuta, Eskola Biderako.

Egunotan lurrean lau koloretako oinatzak marrazten jardun dute Kukumixoko eta Hezkuntza Proiektuko kideek. Izan ere, bihar, astelehena hasiko da Eskola Bidea. Kartel bitartez adierazita laga dituzte Eskola Bidearen lau abiapuntuak eta baita ibilbideetan dauden geralekuak ere. Beraz, bihar, neska-mutiko taldeak ikusiko ditugu goizez, heldu batek lagunduta oinez Eskolara Bidean.

08:45-08:50 inguruan abiatuko dira bihar goizean Eskola Bidea oinez egingo duten neska-mutikoen taldeak. Eta hain justu, haien ibilbidea markatzen jardun dute egunotan Kukumixoko zein Hezkuntza proiektuko kideek, koloretako oinatzen bitarteaz.

Ibilbideak

Lau ibilbide egingo dituzte bihar eskolara bidean ume taldeek:

    •    Bide Berdea: Sagarrerrekatik eskolara eta Gabolatsetik eskolara. Kasu horretan, Sagarrerrekatik abiatuta, Ezozibideko biribilguneraino joan eta bertatik bi adarretan banatuko dira taldeak. Batak eskolara zuzenean egingo du, bidegorrira igota. Beste taldeak, berriz, Gabolatsera jaitsi, kalea zeharkatu eta etxepeko igogailutik gora joanda hartuko du eskolarako bidea.
    •    Bide Urdina: Iturburu pasealekua abiapuntu izanda, kiroldegiko paseotik zehar Zubi Nagusira iritsi eta udaletxeko aldapatik eta Elizburuko eskaileretatik igota joango dira eskolara.
    •    Bide Gorria: Txurrukenetik abiatuta (Arantzazu parketik) Olako zubiraino egin eta hura zeharkatuta, bidegorrira aldapatik igota joko dute eskolara.
    •    Bide Horia: Atxuriko parketik abiatuta, Errekaldeko zubia zeharkatu, eta Santa Ana kaletik pasa ondoren, frontoirako eskaileretatik gora segi eta Calongerako eskaileretatik joko dute gero eskolara.