Aratusteetako Bertsio Gaua martxan

Ubane Madera 2019ko ots. 16a, 13:29

Aurten ere Bertsio Gaua antolatu dute Aratuste-zapaturako. Gaztetxea agertoki modura hartuta, udalerriko musika-zaleei gustuko duten musika mota “bertsiotzeko” aukera eman nahi zaie. Iaz, Caribe Mix, brasildar musika, Pakito el Txokolatero eta antzerako musikak eta kantuak gailendu ziren, adibidez. Izen-ematea zabalik dago.

Aurtengo Aratusteetako Bertsio Gauean parte hartu nahi dutenek otsailaren 22ra arte, barikua, izango dute izena emateko epea zabalik. Honako whatsapp zenbakira mezua bidali edo deitu behar da horretarako: 649 22 80 40. Doan da izen-ematea, baina antolatzaileek eskertuko lukete gau horretan Gaztetxeko barran-eta egin beharreko borondatezko lanetarako laguntza.

Aratusteetako Bertsio Gaua 22:30ean hasiko da, martxoaren 2an, zapatua. Antolatzaileek kontatutakoaren arabera, bertan jardungo duten hainbat talde osatzeko bidean daude dagoeneko.