130 ume buru-belarri dabiltza Aratuste-martitzenerako dantzaldia prestatzen

Ubane Madera 2019ko ots. 15a, 10:23

Iazko dantza erakustaldian parte hartu zuten gaztetxoak, talde argazkian.

Taldeak osatuta, dagoeneko entsegutan dira Aratuste-martitzeneko dantza erakustaldia egin behar duten umeak eta haien gurasoak. Hain justu, aurten 130 gaztetxok parte hartuko dute martxoaren 5ean 17:30ean kiroldegiko frontoian egingo den saioan.

Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara bitarteko sei taldek eman du izena aurtengo Aratuste-martitzeneko dantza erakustaldian parte hartzeko. Gurasoen gidaritzapean, bertan erakutsiko dituzten dantzen eta kantuen koreografiak buru-belarri entseatzen hasita dira.   

17:30ean hasiko da Aratuste-martitzeneko saioa, eta hura amaitutakoan Plaza Zaharreko karpapean segituko du dantzaldiak, 18:00etan hasiko baita Lisker musika taldearen emanaldia, 21:00ak arte. Eta 18:00etan baita ere, kaleak girotzen jardungo dute Soraluzeko gaiteroek.

Gogoan izan, bestalde, Aratuste-martitzenean banatuko dituztela Aratuste-zapatuko mozorro lehiaketako sariak. Hori 20:00etan izango da, Plaza Zaharreko karpapean. Aurtengo mozorroetarako proposatutako gaia Ipuinak dira.

Aratuste-zapatua

Hain justu, azken urteotan moduan, kontzejupean ipiniko duten photocall-ean talde argazkiak atera eta 688 61 36 98 whatsapp zenbakira bidaltzen dituzten kuadrillek parte hartu ahalko dute lehiaketan. Epaimahaiak sei puntu baloratuko ditu lehiaketan: erakutsitako umorea; sortzen duten giroa; originaltasuna; janzkera; eszenografia eta mozorroak gaiarekin duen lotura.

Epaimahaia Aratuste batzordeak izendatutako hainbat lagunek osatuko dute, eta  haren puntuazioak %60ko pisua izango du puntuazio orokorrean. Gainontzeko puntuazioa herritarrek erabakiko dute zeini eman atari honen bitartez, Plaentxia.eus-en egingo den bozketaren bitartez.

Aratuste-zapatuko martxa eta giroa, bada, mozorrotutako kuadrillek ipiniko dute batik bat, eta bereziki, eguerdi partetik arratsaldeko lehen ordu bitarte horretan; eta haiei laguntzen jardungo du Akelarre txarangak, 12:00etatik 15:00etara kalerik kale. Iluntze partean, berriz, Joselu Anaiek girotuko dute karpapeko dantzaldia, 18:00etan hasita.