Hainbat kexu

Ubane Madera 2019ko ots. 15a, 09:42
Galipoteko igogailuan txiza putzua, oraingo asteko eguaztenean.

Egunotan hainbat kexu iritsi dira Plaenxia.eus-eko erredakziora. Lekuz kanpo lagatako hondakinekin, txarto aparkatutako autoekin zein Galipoteko igogailuarekin lotutakoak dira batik bat.

Badira herri honetan errepikatzen diren hainbat egoera, herritarren kexuak eragiten dituztenak. Bada, halako hiru helarazi dituzte egunotan erredakziora.

Hondakinak kanpoan

Gehien errepikatzen da hondakinak lekuz kanpo lagatzearekin lotutakoa. Izan ere, udalerriko puntu askotan ikusten dira hondakinak edukiontzietatik kanpo; batzuetan edukiontzietan lekurik ez delako egoten, baina gehienetan, herritarrek kanpoan lagatzen dituztelako beste barik.

Kexua helarazi duen bizilagunak jakinarazi du bereziki pilatzen direla edukiontzietatik kanpo hondakinak eguenetan. Eta bereziki Erregetxean, azoka txikiaren eraginez. Eta salatu du baita ere, badirela herrian puntu batzuk “benetan” zikin egoten direnak: Zubi Nagusiko eta Atxuriko edukiontzi inguruak, adibidez.

Txarto aparkatuta

Bestalde, eta hain justu Atxuriko bizilagun batek txarto aparkatutako ibilgailuak direla-eta helarazi du protesta. Kontatu duenez, Errabaleko obrak hasi zituztenetik “askok” aprobetxatzen dute autoa egoitzarako aldapan txarto aparkatuta lagatzeko, “aldapa hasieran nahiz eta marra horia egon, bertan lagatzen dute, eta zaila da besteontzat autoarekin han inguruan mugitzea. Bereziki, goizetan egoten dira autoak gaizki aparkatuta”.

Txiza

Azkenik, Galipoteko igogailuan atzera ere hasi dira gizalegezkoak ez diren jarrerak ikusten. Oraingo asteko eguaztenean, esaterako 16:30ean igogailua garbi-garbi zegoen, eta aldiz, 18:00ak aldera txiza parrastada ederra eginda laga zuen norbaitek. “Aldapatik igo behar izan dut, ze igogailura sartu eta dena txizaz beteta aurkitu dut, baita heldulekua ere”, kontatu zuen emakume batek.