Errabaleko lanak etengo dituzte 'Patria' telesaila grabatzeko

Ubane Madera 2019ko ots. 14a, 18:07

Soraluzeko Udaleko, Ur Kontsorzioko eta obrako arduradunak Errabaleko obrak ikuskatzen, gaur goizean.

Datozen asteotan handitu egingo dute Errabaleko urbanizazio lanen erritmoa. Beste langile-talde bat ekarriko dute Zubi Nagusikoak bukatu eta Errabalerantz aurrera egiteko. Behin lanik handienak eginda, obrek etena izango dute, ‘Patria’ telesailaren grabaketetarako. Haien ondoren egingo dituzte erremate-lanak.

Gaur, eguena, Errabaleko lanen jarraipena egiteko asteroko ikuskaritza egin dute Soraluzeko Udaleko, Ur Kontsorzioko eta obrako arduradunek. Obrak martxa onean doazela ikusi dute bertatik bertara. Lurrazpiko hoditeriak berritzeko lanak eginda daude kiroldegiko partetik Gila tabernaraino, eta errepidea tapatuta laga dute dagoeneko.  

Iker Aldazabal alkateak jakinarazitakoaren arabera, datorren astean langile-talde berria gehituko da lanetara, Zubi Nagusitik Errabalerainoko tramuko lurrazpiko lanak ahalik eta lasterren egiteko. Orain arte egin duten moduan, datozen asteetan ur-harguneak, eta euri-uren eta ur-zikinen hodiak berrituko dituzte hurrengo zatian.

Zoladura lanak

Behin lanok bukatuta, dena tapatuta lagako dute eta asmoa da ere espaloiaren zenefak ipinita lagatzea, martxo bukaera ingururako. Ondoren etenaldia izango dute obrek, ‘Patria’ telesailaren grabazioak egin bitartean. Oraindik grabazio-planaren xehetasunak, baina, ez dizkiote helarazi Soraluzeko Udalari.

Kontuak kontu, grabazioak bukatuta egingo dituzte Errabaleko urbanizazioaren erremate-lanak: zoladura lanak bukatu, besteak beste, eta bukaerako kolore gorria eman. Uda ingurua izango dela da aurreikuspena. Eta lan guztiak bukatu arte, besteak beste, ez dituzte lekuz aldatuko autobus geltokiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.