Astelehenean hasiko da Eskola Bidea

Ubane Madera 2019ko ots. 14a, 09:29

Hainbat neska-mutiko eskolara oinez joaten.

Udalerriko lau puntutatik abiatuta, astelehenean, otsailaren 18an hasiko dute beste horrenbeste ikasle taldek Eskola Bidea. Hasierako fasean laguntzaile helduak izango dituzte bidean lagun neska-mutikoek.

Kukumixoko eta Hezkuntza Proiektuko ordezkariak Plaentxi Herri Ikastetxeko 2., 3. eta 4. mailetako ikasleekin saioak egiten ibili dira egunotan Eskola Bidea berriro ere abiarazteko. Izan ere, behin taldeak osatuta, astelehenean, otsailaren 18an hasiko dute egitasmoa.

Lau ibilbide

Hain justu, lau ibilbidetatik bertaratuko dira eskolara:

  • Bide Berdea: Sagarrerrekatik eskolara eta Gabolatsetik eskolara. Kasu horretan, Sagarrerrekatik abiatuta, Ezozibideko biribilguneraino joan eta bertatik bi adarretan banatuko dira taldeak. Batak eskolara zuzenean egingo du, bidegorrira igota. Beste taldeak, berriz, Gabolatsera jaitsi, kalea zeharkatu eta etxepeko igogailutik gora joanda hartuko du eskolarako bidea.
  • Bide Urdina: Iturburu pasealekua abiapuntu izanda, kiroldegiko paseotik zehar Zubi Nagusira iritsi eta udaletxeko aldapatik eta Elizburuko eskaileretatik igota joango dira eskolara.
  • Bide Gorria: Txurrukenetik abiatuta (Arantzazu parketik) Olako zubiraino egin eta hura zeharkatuta, bidegorrira aldapatik igota joko dute eskolara.
  • Bide Horia: Atxuriko parketik abiatuta, Errekaldeko zubia zeharkatu, eta Santa Ana kaletik pasa ondoren, frontoirako eskaileretatik gora segi eta Calongerako eskaileretatik joko dute gero eskolara.


Ordutegiei dagokienez, 08:45-08:50 inguruan abiatuko dira talde guztiak eta bidean hainbat geldiune egingo dituzte, umeak taldera gehitzen joan daitezen. Hasierako fasean laguntzaile helduekin egingo dute Eskolarako bidea.