"Buruzagi katalanen askatasunarekin batera, herritar guztion eskubideak daude jokoan"

Erredakzioa 2019ko ots. 13a, 09:18
Xabier Alberdi manifestua irakurtzen.

Hogeita hamarren bat herritar batu ziren atzo Plaza Berrian, Kataluniari elkartasuna adierazi eta auziari konponbide politikoa eman diezaiotela eskatzeko. 

Atzo arratsaldean, Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, Soraluzen ere herritarrak plazara atera atera Gure Esku Dagok deituta.

Elkarretaratzea amaieran, hainbat euskal herritar ezagunek sinatu eta argitaratu duten manifestua, Konponbide politikoaren alde irakurri zuten. Manifestua sinatu dute, besteak beste, Fernando Bernues antzerkigileak; Mireia Gabilondo eta Itziar Ituño aktoreek; Ruper Ordorika, Evaristo Paramos, Fermin Muguruza eta Gorka Urbizu abeslariek; Asier Illarramendi Realeko kapitainak; eta Gemma Zabaleta PSE-EEko kide ohiak.

Sinatzaileek exigitzen dute preso katalanak "berehala" aska ditzatela, "haien espetxeratzea bidegabea izan zelako". Era berean, eskatzen dute 2017ko urriaren 1eko erreferendumarekin lotuta abian jarritako "prozesu judizial guztiak eteteko" eta konponbidea "elkarrizketaren eta negoziazioaren" bidez bilatzeko, “herritarren borondatearekiko begirunean eta balio demokratikoetan oinarritutako konponbide politikoa posible izan dadin”.

Manifestaziora joateko deia

Manifestua irakurri ostean, dei egin zuten, domekan, Gure Esku Dagok deituta Donostian egingo den manifestaziora joateko. Berau, eguerdiko 12:00etan abiatuko da Groseko Katalunia plazatik, azkenik Bulevarrean amaitzeko.