Otsailaren 26an greba egingo dute jangelako langileek

Ubane Madera 2019ko ots. 13a, 09:39
Hitzarmena aldarrikatzen duen pankarta.

Datozen asteotarako mobilizazioak iragarri dituzte Ausolan enpresak kudeatzen dituen ikastetxeetako jangeletako langileek. Eta Soraluzekoek ere bat egingo dute protesta ekimenekin. Sindikatu guztien adostasunarekin, otsailaren 26an, martitzena, greba egingo dute.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta eta babestuta, mobilizazioak iragarri dituzte Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban kudeaketa pribatua duten jantokietako langileek. Soraluzen ere bat egingo dute mobilizazioekin ikastetxeko jantokietako langileek, eta besteak beste, otsailaren 26rako greba iragarri dute. Martxoan, berriz, lau eguneko greba aurreikusi dute, eta egoerak bere horretan segituz gero, apirilean, bost egunekoa.

Ardura Jaurlaritzari

Jangelako langileek esplikatutakoaren arabera, “2014. urtean sinatutako hitzarmenean “hobetzeko daude lan baldintzak, besteak bete, ratio kopurua jaitsi (gaur gaurkoz 35-36 umeko ratioa du langile bakoitzak), Eusko Jaurlaritzako langileen soldatarekiko parekidetasuna, egun pertsonalak izateko eskubidea eta beste”.

Helarazitako informazioaren arabera, Ausolan enpresako mahai negoziatzailearekin batzarra egin berritan, enpresak “Eusko Jaurlaritzari pasatzen dio ardura guztia”. Eta horrexegatik erabaki dute orain mobilizazioak egiten hastea. “Denon babesa” eskuratu nahiko lukete protestaldirako.