Aurtengo Martxoaren 8a prestatzeko bigarren batzarra egin zuen atzo, astelehena, M8 Plataformak, osoko bilkuren aretoan. 15 bat lagun bertan elkartu eta orain arte bailaran zein herri-mailan landutakoak konpartitu ondoren, Emakumeen Nazioarteko Egunerako egitaraua borobiltzen jardun zuten.
Izan ere, ekimen sorta dabiltza prestatzen martxoaren lehen egunetik bertatik hasteko emakumeen eguna aldarrikatzen eta ospatzen. Hain justu, martxoaren 1ean gizonentzako jarraibideak emango dituzte, Plaza Zaharrean, 19:00etan.
MeToo erakusketa
Martxoaren 4an, berriz, indarkeria sexistaren bat jasan duten Soraluzeko emakumeen lekukotasunak batzen dituen #MeToo ekimenaren baitan batutako lekukotasunekin osatutako Ozen esan zan erakusketa zabalduko dute, martxoaren 16ra bitartean. Eta mobilizazioekin, berriz, martxoaren 7an hasiko dira, iluntzean: 20:00etatik 00:00ak bitartean .
Edozelan ere, egitarauko ekimenik mardulenak, zela ez, Martxoaren 8rako gordeko dituzte. Hasteko eta behin, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat eginez, Greba Feminista deituko dute, bost ardatzetan oinarrituta: pentsionistak, ikasleak, zaintza, enplegua eta kontsumoa.
Parte hartzeko modu asko
Greba horretan parte hartzeko modu ugari izango direla azpimarratu dute: “Lantoki eta ikasgeletan greba eginda; herrietako mobilizazioetara joanda; zaintzeari utzita eta hori irudikatzeko amantala balkoian eskegita; gure eskualde edo arloan greba antolatuta eta zabalduta, eta besoko morea eta txapa ipinita grebarekin bat egiten dugula adierazteko”.
Horrez aparte, 12:00etan mobilizazio zaratatsua deitu dute, 14:00etan emakumeen bazkari autogestionatua eta 19:00etan ekitaldia.
Datorren astelehenean
Eta hilabetea borobiltzeko, martxoaren 22an emakume pentsiodunek eskainitako hitzaldia izango da. Horixe da, besteak beste, atzoko batzarrean landutakoa. Momentuz, prestatu dutena. Bada, bide horretan lanean segitzeko hurrengo hitzordua ere zehatu du dagoeneko Soraluzeko M8 Plataformak, otsailaren 18an izango da, astelehenean, 18:00etan osoko bilkuren aretoan. Eta herritarrak animatu nahi dituzte bertaratzera: “Jendea animatu nahi dugu ekarpenak egitera eta antolakuntzan laguntzera”.