Harrera Protokoloa: etorri berriendako bidelaguna

Ubane Madera 2019ko ots. 12a, 09:31
Maialen Elizburu (Pil-pilean), Jurdana Martin (Euskaltzaleen Topagunea) eta Patricia Borinaga (Soraluzeko Udala), atzoko prentsaurrekoan.

Udalerrira datozen bizilagun berriei zuzendutako Harrera Protokoloa aurkeztu zuten atzo, astelehena, Soraluzeko Udaletxean. Helburua da etorri berriari herria ezagutzeko eta herrira egokitzeko bidean laguntzea. Horretarako, besteak beste, Harrera Zerbitzua zabalduko dute martxoaren 4an, eta Harrera Gida prestatu dute etorri berriendako.

“Herri batera heltzearen lehenengo uneak berebiziko garrantzia du herrian txertatzeko garaian, are gehiago herrira etorri denak sare sozial propiorik ez badu. Beraz, etorri berriak herria ezagutzeko eta herrira egokitzeko egiten diren lehen ekintzak oso garrantzitsuak dira”.

Hori abiapuntu, eta helburu, Harrera Prozesua landu dute azken hilabeteotan Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak, Soraluzeko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak. Eta atzo eguerdian, astelehena, aurkeztu zuten berau, eta haren emaitza den Harrera Protokoloa, udaletxean.

Bertan izan ziren Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteko Maialen Elizburu, Euskaltzaleen Topaguneko ordezkari Jurdana Martin eta Soraluzeko Udaleko Osasuna, Gizarte Ongizatea eta Inmigrazio Saileko zinegotzi Patricia Borinaga. Izan ere, hiru eragile horien bitartez landu da Soraluzeko Udalak eskainiko duen protokolo berria.

Harrera "sistematizatu"

Prentsaurrekoan jakinarazi zutenez, Harrera Protokoloaren bitartez, Soraluzera datozen bizilagunei harrera egiteko prozesua “sistematizatu” egingo dute.

Besteak beste, “iritsi berriei herriko edo herrialdeko baliabideak ezagutzen” lagunduko diote eta haietara “bideratzen” ere bai. “Gainera, etorri berrien parte-hartzea erraztu eta bultzatuko dugu eta, bide batez, gainontzeko herritarrak harrera duin eta integral baten garrantziaz sentsibilizatuko ditugu”, esplikatu zuen Jurdana Martinek, Topaguneko ordezkariak.

Hark gaineratu zuenez, hori egingo dute “euskara harreraren erdigunean” kokatzen, “gure herriko kohesio hizkuntza moduan ulertzen dugulako, herriko hizkuntza aniztasuna balioan jarri eta aitortzen dugun bitartean”, horrexegatik parte hartu du, besteak beste, Euskaltzaleen Topaguneak ekimen honetan.

Hiru pauso

Bada, esandako guztia lortzeko hiru bide nagusi erabiliko dituzte Soraluzen: etorri berriak udaletxera erroldatzera doazenean, hautazko galdetegia egingo zaie, euren lehentasunak edo beharrak zeintzuk diren jakiteko. Eta herrian dauden zerbitzu publikoetarako sarrera erraztu eta bultzatuko da.

Horrekin batera, Harrera Gida banatuko zaie. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta arabieraz landuta, Harrera Gidak Soraluzeko informazioa batzen du, mota guztietakoa: Historia, kokapen geografikoa, hizkuntza, herrian dauden zerbitzuak eta baliabideak eta beste.

Eta Harrera Protokoloa borobiltzeko, proba pilotu modura, Harrera Zerbitzua zabalduko dute martxoaren 4an. Haren bitartez, udaletxeko bigarren solairuan bulego zerbitzua eskainiko diete etorri berriei, astelehenean 10:00etatik-12:00ak bitartean, eta barikutan 16:00etatik-18:00ak bitartean, hiru hilabetez.

“Harrera pertsonalizatuagoa” eskaini nahian, bulego horretan “datorrenak behar duen informazioa jasotzeko aukera eta tartea izango du eta guk bestelako beharren jarraipen errealagoa egin dezakegu; egiturak eta zereginak informazio honen arabera egokituz”, esplikatu zuen, besteak beste, Maialen Elizburuk, Harrera Zerbitzuan arreta emango duen kideak.

Hutsuneak bete

Besteak beste, prentsaurrekoan esplikatu zutenez, Harrera Prozesuaren lanketa egin da Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartean sumatu zelako etorri berriendako harrerari dagokionean hobetu beharra badagoela: “Auzoko egitasmoaren ibilbidean, hutsune nabarmena zegoela konturatu ginen; etorri berrientzako harrera orokorrean, harrera linguistikoan eta harrera pertsonalizatuagoan”, esplikatu du Maialen Elizburuk.

Hori horrela, Euskaltzaleen Topagunearekin eta Soraluzeko Udaleko Gizarte Ongizate Sailarekin harremanetan jarri, elkarrekin Harrera prozesua landu zuten, eta orain aurkeztutako Harrera Protokoloa da horren guztiaren emaitza.