Gas hodi bat zulatu dute Errabaleko lanetan

Egoitz Unamuno 2019ko ots. 11a, 12:35

Udaltzainak, aparejadoea, obrako langileak eta gas-teknikaria zulaketa gertatu den lekuan.

Udaltzaingoak Zubi nagusia eta inguruak akordonatu ditu mantenimenduko teknikaria etorri eta gasaren giltza itxi duen arte.

Eguerdiko hamabiak aldera gertatu da. Errabalen zulaketa lanetan zihardutela makina batek Gila taberna ondoko etxebizitzetara doan gas hodia zulatu du eta gasa indar handiz zabaldu da inguru guztira. Udaltzainek, berehala itxi dute inguru guztia eta herritarrei bertatik urruntzeko eskatu diete. Izan ere, momentu horretan, gas usain handia zabaldu da inguru guztian, eta horrek kezka handia pìztu du.  

Zulaketa gertatu eta minutu gutxira heldu da gasaren mantenimenduko teknikaria eta giltz berezi batekin itxi du hodia. Gainera, jakinarazi du gasak su hartzeko edo leherketa bat gertatzeko arriskua oso txikia dela. "Gasa airea baino arinagoa da eta kanpoan, akumulaziorik ez badago, ez dago lehertzeko arriskurik, gasak berehala gorantz egiten du eta".

Teknikariak, badaezpada, inguruko atari eta establezimenduetan zegoen gas akumulazioa neurtu du eta arriskua erabat baztertu ostean, herritarrak euren etxe eta establezimenduetara itzuli ahal dira. 

Obrako langileen buruari galdetuta, erantzun du halako gertaerak ohikoak izaten direla. "Halakoak askotan gertatzen zaizkigu, bai urarekin eta bai gasarekin. Ez dago inolako arriskurik". Ildo berean, aparejadoreak adierazi duenez, hodi nagusien inguruko informazio nahikoa zehatza da, baina, hodi txikien kasuan ez da gauza bera gertatzen. 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.