Elosua-Plazentzia Estazio Megalitikoaren balioa adituen eskutik berretsita

Ubane Madera 2019ko ots. 9a, 19:45

Ibon Telleria, Jesus Tapia, Fernando Bazeta eta Iker Aldazabal atzo, barikua, hitzaldian. Argazkiak: Fernan Oregi.

100 urte eta gero, berriro ere indusketak egiten dabiltza Dolmenen Ibilbidean. Horren zergatia azaldu zuten atzo, barikua, proiektuan lanean dabiltzan Aranzadi Zientzia Elkarteko eta EHU eta UNED unibertsitateetako adituek. Elosua-Plazentzia Estazio Megalitikoan egindako lanen eta emaitzen berri ere eman zuten osoko bilkuren aretoa bete zuten entzuleei.

Soraluzek, Elgoibarrek eta Bergarak konpartitzen duten Dolmenen Ibilbideak 21 monumentu megalitiko ditu, horietatik 16 aztertu zituen Barandiaranek, Egurenek eta Aranzadik osatutako taldeak, eta 14 indusi egin zituen talde berak. 1922. urtean eman zuten lan haien berri. Gipuzkoan ezagutzen zen bigarren estazio megalitikoa zen mendi-gainekoa, eta alor horretan egindako lehen azterketa zientifikoa egin zuten bertan.

Toki oparoa

Bada, 100 urte geroago, Elosua-Plazentzia Estazio Megalitikoak berriro ere erakarri du adituen interesa. Jesus Tapiak, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo eta urteotako lanen gidariak azaldu zuen horren zergatia.


Besteak beste, gogora ekarri zuen 2012az geroztik dabiltzala bertan lanean. Eta eskerrak eman zituen orain arte, eta orain, bereziki, proiektuari eman dioten bultzadarengatik, batez ere, Soraluzeko, Bergarako eta Elgoibarko Udalek eta Gipuzkoako Diputazioak.

Aranzadiko arkeologoak azalpenetan lagun izan zituen Kerexetaegia Hegokoa trikuharria berreraikitzeko lanak zuzendu dituzten Fernando Bazeta EHUko zaharberritzailea eta Ibon Telleria EHUko arkitektoa. Mikel Agirre UNEDEko arkeologoak ere parte hartu du proiektuan, nahiz eta atzo etorri ezintasuna izan.

Oro har, Jesus Tapiak esplikatu zuen “dentsitate handiko” tokia dela Elosua-Plazentzia Estazio Megalitikoa, eta bere osotasunean ulertu behar dela, lerro moduko bat osatzen dutela mendi-gaineko monumentu megalitikoek eta oso homogeneoa dela. Daude dolmenak, tumuluak eta menhir bat. Guztiak ere hilobiak eta ehorzte-errituekin lotutakoak.

Neolito Garaitik Brontze Arorainoko aztarnak aurkitu dituzte, erakusten dutenak hilobiak Kristo Aurreko 4.000 urtetik 1.500. urtera arte erabili zirela. Beraz, gure inguruneko leku horrek bazuen zerbait berezia gure arbasoendako.

Jakinekoa da ere nekazaritza sortu zen garaian hasi zitzaizkiela hildakoei halako monumentuak eraikitzen hilobi modura. Bitxikeria moduan, Tapiak jakinarazi zuen gure arbasoek hildakoendako harriz egindako egitura trinkoak erabiltzen zituztela, eta aldiz, euren bizitokiak material askoz ere sinpleagoz egiten zituztela.

Horrexegatik da, hain justu, horren zaila jakitea hildakoak mendi-gainean zituzten pertsonak non bizi ziren.

Kontuak kontu, 100 urte eta gero, Barandiaranek, Egurenek eta Aranzadik zabaldutako bidea oinarri hartu eta orain, gaur egungo teknologia, teknika eta jakituria berriak baliatuz, Elosua-Plazentzia Estazio Megalitikoa atzera ere aztarnategi bilakatu da. Material gehiago lortzeko helburuarekin, datu kronologikoak zehazteko eta arbasoek ingurune fisikoa zela eraldatu zuten jakiteko helburuarekin dabiltza lanean besteak beste.

Aurkikuntzak

Tapiak esplikatu zuen bereziki oparoa izan dela Gizaburuagako indusketa. Bitxikeria modura, krematutako hezurrak aurkitu dituzte bertan, eta laborategi espezializatu batera aztertzera bidali dituzte, datu bitxiak eman dituztelako orain arte egindako analisi kronologikoek.  

Edo beste adibide bat, kasu honetan, Irukurutzetako indusketekin lotuta. Aranzadiko arkeologoak primizia modura jakinarazi zuen bertan aurkitu dutela lepoko baten alea, 3 milimetroko pieza, harrizkoa eta duda barik “prehistorikoa”.

Jakina, ez dira horiek Elosua-Plazentzia Estazio Megalitikoan egindako aurkikuntza edo lan bakarrak. Arribiribileta zutarria zutitu zuten; eta hilobiez gainera, inguruan aurkitu dituzte ere silexko piezak, suharrizko aizto bat, lurrontzia, gezi-punta, kuartzo kristala… eta abar.

Kerexetaegia Hegokoa ikusgarri

 



Bestalde, bereziki ikusgarria izan da, Kerexetaegia Hegokoa trikuharria berreraikitzeko lanen emaitza. Eredu zientifikoa irizpide, zaharberritzaile, arkitekto banak eta arkeologo bik gidatu dituzte berreraikitze lanak. Ibon Telleria arkitektoak, adibidez, kontatu zuen lehen kezka izan zela zela sostengatu trikuharriaren 4.000 kiloko txapela zegokien ortostatoetan, kontuan hartuta gainera, hainbat ortostato ez zeudela horren egoera onean. Beste zailtasun bat izan zen tumuluak harri asko falta zuela, ingurua harrobi modura erabili izan zelako lehenago.

Kontuak kontu, zailtasunei aurre egin, eta hiru egunean muntatu zuten trikuharria. Aurrealdea zabalik laga zioten, modu horretan barruko kamera zelakoa zen ere erakusteko. Eta hantxe dago, beti han egon izan balitza modura, denon bistara ikusgarri, aspaldiko iraganaren erregistro materiala.

Lanean etengabe

Eta hori guztia lanaren zati bat besterik ez da. Izan ere, kanpoan aurkitutakoa gero barruan aztertzea tokatzen da. Karakate-Irukurutzetan egindako aurkikuntzak Gordailuan daude, eta euren bide zientifikoa egingo dute datozen hilabeteotan. Bien bitartean, atzera ere bueltatuko dira mendi-gainera arkeologoak, laguntzaile boluntarioak eta bestelakoak, mendiak orain arte babestutakoa azaleratzen eta ezagutarazten laguntzeko.

Halakoak eta beste kontatu ondoren, entzuleen galderei erantzun zieten hizlariek.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.