Shatilako nesken saskibaloi taldea ekartzen laguntzeko elkartasun eskaera

Ubane Madera 2019ko ots. 7a, 16:13

Saskibaloi taldeak entrenatzeko alokatzen duen lokala, Libanon.

Libanoko Shatila errefuxiatuen esparruko Real Palestine Youth F.C nesken saskibaloi taldea Euskal Herrira jokatzera ekartzen laguntzeko elkartasun kanpaina abiarazi dute. Eta Soraluzera ere iritsi da laguntza eskaera: itsulapikoak ipini dituzte Arrano eta Gaztelupe tabernetan eta Mari Mar harategian. 

Aipatutako hiru toki horietan, itsulapikoez gain, batutako diruarekin finantzatzen lagunduko den ekimenaren gaineko informazioa ere partekatu dute. Bertan dioenez, batzen duten dirua izango da Basket Beat Borders proiekturako.

'Basket Beat Borders'

Proiektu hori 2017an abiarazi zuten Erroman eta Beiruten. Helburua zen Shatilako Real Palestine Youth F.C. saskibaloi taldeari errefuxiatuen esparrutik kanpo jokatzeko aukera ematea. Eta lortu egin zuten, bi urtez lortu ere. Iaz, esaterako Erroman jokatu zuten. Aurten, 2019an esperientzia errepikatu egin nahi dute, oraingo honetan, Euskal Herrian.  

25.000 lagun

Shatilako errefuxiatuen esparrua 1949an eratu behar izan zuten, Beiruten, Libanon. Palestinatik ihesi joandako errefuxiatuak hartzeko sortu zen hura, behin-behinerako. Gaur egun oraindik bertan egoteaz aparte, dagoeneko 25.000 lagun dira kilometro karratu bakar batean bertan bizi direnak.

Eta haien artean, bada nesken saskibaloi talde bat: Real Palestine Youth F.C. Shatilan jaiotako 15-20 urte bitarteko 11 neskak osatutakoa da, eta saskibaloira jokatuz, esparru propioa bereganatzea lortu dute. Bada, hain justu ere, bide horretan lagundu egin nahi diete oraingo elkartasun kanpainaren bitartez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.