Soraluzeko, Bergarako, Oñatiko, Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako musika eskolek hitzordua egin dute Soraluzeko Herriko Antzokian otsailaren 22an, 18:00etan, kontzertua eskaintzeko.
Musika estilo asko
Denetarik ikusteko aukera izango da emanaldi horretan: abesbatzak, big banda, folk taldea… Eta denetariko musikari gazteek jardungo dute: 8-9 urteko umeetatik hasi eta 15 urte baino gehiagoko gazteetaraino. Izan ere, emanaldian parte hartuko duen musika eskola bakoitzak ordezkaritza bat izango du kontzertuan, eta haiek bizpahiru kantu interpretatuko dituzte.
Soraluzeko Musika Eskolaren kasuan, konbo taldeak egingo du emanaldia; institutu mailako ikasleez osatuta, gitarra elektrikoa, baxua, bateria, eta ahotsa izango dira bertan, eta Muse taldearen Feeling Good kantua eta Amy Winehousen Back to Black kantua eskainiko dute, Elene Etxanizek abestuta.