Errabaleko obrak bizkortu dituzte, ‘Patria’ Soraluzen grabatu ahal izateko

Ubane Madera 2019ko ots. 6a, 10:37
Errabaleko urbanizazio lanak, gaur goizean, eguaztena.

Iazko udazkenean ‘Patria’ telesaila grabatzeko Udal baimena eskatu eta eskuratu ondoren, atzera ere mahai gainean izan du gaia Soraluzeko Udalak. Kasu honetan, Errabaleko obrak izan dira aztergai, telesailaren grabaketak Soraluzen egin ahal izateko obra horiek eragozpen zirelako. Hori horrela, Udal Gobernuak eta obrak egiten diharduen enpresak lanak arintzeko aukera ikusita, horrela egitea erabaki dute.

Errabaleko urbanizazio obren barruan, Zubi Nagusiari dagokion zatiko obrak aurreikusi baino lehenago egingo dituzte. Horrela egingo dute HBOren ‘Patria’ telesailaren grabaketak Soraluzen egin ahal izateko.

Onura ekonomikoa

Izan ere, azken asteotan gaia aztergai izan dute Soraluzeko Udalak eta obrak egiten diharduen Artzamendi enpresak, urbanizazio obrak grabazioetarako eragozpen izango zirela jakin ondoren. Bada, obrak arintzeko aukera ikusita, buru-belarri dihardute lanean, obrak esandako epea baino lehenago bukatzeko. Adibide modura, asteburuan ere beharrean ibili dira.

Hain justu ere, obrak arintzeko ahalegina egitea erabaki dute, Soraluzeko Udal Gobernuak ‘Patria’ bertan grabatzea herriarendako aukera ona dela uste duelako: “Castingera joan ziren herritar haiek guztiak kontratatzeaz aparte, grabaketek 120 laguneko lan-taldea ekarriko dute udalerrira. Langile horiek guztiek bertan hartu beharko dute kafea, bazkaldu… Horrez aparte, grabaketetarako dagoeneko kontratatu dute, adibidez, Soraluzeko enpresa bat lokalen garbiketak egiteko, hainbat eraikin-etxe-lokal alokatuko dituzte grabaketetarako… onura ekonomikoa ekarriko dute Soraluzera, eta hori oso garrantzitsua da gurea moduko egoera ekonomiko zaila bizi duen udalerri batendako”, esplikatu du Iker Aldazabal alkateak.