Atxuri 21. zenbakiko etxea botatzen dihardute

Ubane Madera 2019ko ots. 5a, 15:58

Atxuri kaleko 21. zenbakiko eraikina botatzen dihardute egunotan. Lanak atzo hasi zituzten, eta hilabetean bukatuko dituzte. Lehen pausoa da, etorkizun batean, ibaiaren alde biak elkartuko dituen pasabide berria eraiki ahal izateko, Olaldeako Plan Bereziaren barruan.

Zanjadoras y Desmontes SA izeneko enpresa dabil Atxuri 21eko eraikina botatzen, 48.400 euroko aurrekontuarekin. Eraiste lanak atzo hasi ziren eta hilabeteko epean bukatuko dituzte.

Oinezkoen zubi berria

Olaldeako Plan Bereziaren barruan dagoen jardueretako bat da berau. Haren arabera, Santa Ana kaleko zubi txikia bota egin behar da, ez dituelako irisgarritasun baldintzak betetzen eta dituen zutabeek presa efektua egiten dutelako.

Eta horren ordez, beste zubi bat eraikiko da, Atxuri 21. zenbakitik abiatuko dena eta oinezkoena izango dena.

2017an eskuratu zuen Soraluzeko Udalak Atxuri 21. zenbakiko eraikina, lagapenez. Orduko hartan Iker Aldazabal alkateak eraikin hori eskuratzearen garrantzia azpimarratu zuen; izan ere horri esker, alderdi guztien artean adostutako Egitamu Orokorrean onartutako bigarren aktuazioa gauzatu ahalko dute: Hirukurutzetako biribilguneko lanak hastea da bat (eginda dago biribilgunea), eta etxe hori eraistea da bigarrena.