Beraz, Soraluzen ere bete da erritua eta kantatu zizkioten koplak Ageda Deunari. Kontakizunaren arabera, Agata Catanian, Sizilian, jaio zen 230-235. urtean. Tradizioak dionenez, Quinciano gobernadoreak berarekin ezkondu arteko onik ez omen zuen, baina Agatak kristautasunean fede itsua zuen, eta ez zuen nahi harekin ezkondu; eta mendeku gisa kartzelatu egin zuen. Bularrak moztu eta hil arteko torturak sufritu izan zituen. Handik gerora, Eliza Katolikoak saindu izendatu eta otsailaren 5a aukeratu zuen bera omentzeko. Agate Deuna mendebaldeko lehenengotariko birgina-martiria da.
Amalurra esnatzeko
Kondairak kondaira, baina, tradizio horren sustraiak kristautasuna zabaldu aurreko garaietan dauzkala diote askok. Aditu batzuen iritziz, Agataren inguruko festek zerikusi handia dute inauteriekin, inauste edo kimatze garaiko erritoekin, euskal ohiturekin eta euskal mitologiarekin. Makilekin naturari dei egiten zaio Amalurrari, neguko solstizioaren ondoren esna dadin. Halaxe dago jasota Wikipedian, esaterako:
“Neguko solstizioaren ondoren, eguna luzatzen hasten denean, zuhaitz adarrak kimu berritzen hasten dira eta orduantxe izaten da zuhaitz adarrak kimatu edo inausteko garaia. Hala, naturaren esnatzea ospakizun bihurturik, mutilak kopla kantari ibiltzen ziren etxerik etxe janari eske, eta ondoren, bildutakoarekin, mutil eta neska denek batera afaltzen zuten. Santa Agata askotan abere gisa irudikatzen da: ahuntz edo katu itxurarekin. Ablitasen, uste zuten Santa Agata bezperako gauean banatzen zirela hurrengo urtebeterako ekaitzak.
Kristautasuna Euskal Herrira zabaldu zenean, beste askorekin batera Santa Agata eguna ekarri zuen berekin. Elizak, aurreko errito eta ospakizunak bereganatu eta itxura berri bat eman zien. Lehengo errituak eta Santa Agataren omenezko ospakizunak nahastu egin ziren. Bi erritu edo jai horien nahasketatik dator egungo ospakizuna”.