“Genero arrakalak” eragindako desberdintasunak

Ubane Madera 2019ko ots. 5a, 10:09
80 bat lagunek babestu zuten atzo egindako elkarretaratzea.

Emakume pentsiodunengan ipini zuten begirada, atzo, astelehena pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean. Haien garrantzia azpimarratuta, genero ezberdintasunak eragiten dituen “arrakalak” nabarmendu zituzten. Datu bat horren adibide: “Euskal emakume pentsiodunen bataz besteko pentsioa gizonezkoena baino %44 txikiagoa da”.

80 bat lagunek babestu zuten atzo pentsio publiko duinen alde Plaza Berrian egindako elkarretaratzea. Emakumeak izan ziren atzokoan protagonista, haiek pairatzen dituzten bidegabekeriak nabarmendu zituztelako, genero desberdintasunak eragindakoak, hain justu ere.

%44 txikiagoa

Datuak baliatuta azpimarratu zituzten gizonen eta emakumeen artean dagoen “genero arrakala”:

  • “Europar Batasunean bosgarren herrialdea da Espainia etxekoandreak lan merkatu formalean ez daudela, bereziki, sistema kapitalistak emakumeari atxikitzen dion rola dela-eta.
  • Euskal emakume pentsiodunen bataz besteko pentsioa gizonezkoena baino %44 txikiagoa da eta okerrago oraindik, alargun-pentsioa da euren arteko askok kobratzen dutena.
  • Euskal Herrian pentsioa kobratzen duten emakumeen %45 alargunak dira eta hauetatik %70 pobreziaren atalasearen azpitik bizi dira.
  • Pentsiodunak populazioaren %25 gara, baina aberastasunaren (BPGaren) %9,5 bakarrik jasotzen dugu".

Maiatzean mobilizazio handia

Datuok mahai gainean ipinita, “borrokan” segitzeko asmoa berretsi zuten, “Hego Euskal Herriko Elkarte eta mugimendu asanblearioen bileran adostu zen bezala”. Eta gogora ekarri zuten maiatzean “elkarren arteko mobilizazio eguna” egingo dutela Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta Nafarroan.