Kantuz, baserritarrak "limurtzeko" ahaleginean

Egoitz Unamuno 2019ko ots. 5a, 10:49

Baserriz baserri Santa Ageda eskean ibili ziren zapatuan hogei lagun inguru. Artian hasi eta Boskoittira arte, hamabost baserri inguru bisitatu zituzten. Argazkiak: Arkaitz Arana.

"Mendi gainean edurra dago baina ez gaitu beldurtzen, guk ahalegina egingo dugu baserritarrak limurtzen" kopla errepikatuz pasatu zuten Santa Ageda eskeko eguna, baserri bakoitzean momentuko egoerari zegozkion koplak kantatuz, kasurik gehienetan irrizkoak.

Eneritz Artetxek, Beñat Iguaranek, Eneko Beretxinagak eta Egoitz Unamunok jardun zuten kopla kantuan, eta Beñat Ariznabarretak ere kantatu zituen ale ederren batzuk. Trikitiarekin, berriz, Larreategi anaiek jardun zuten, Unaik eta Oierrek. Haiekin batera, beste hamabost bat lagunek egin zituzten koru lanak.  

Ibilbidea Arteaga baserrian abiatu zuten, kafea hartuz baina kantatu barik, etxean hilberri den pertsonarenganako errespetuz. Handik Iribe baserrira jo zuten Frantziskaren kamera aurrean kopla saiotxoa egitera. Ezozin kantatu zuten gero, eta halaxe jarraitu zuten iluntzeko zortzirak aldera Boskoittiko sukaldean azken saioa egin zuten arte. Izan ere, eguraldi txarra zelako eta bestela ere ohitura bihurtu delako, baserri askotan sukaldean egin zuten saioa, mokadutxo bat janaz eta ardo tragoxka bat eginez.

Jasotako diruarekin baserrietan opari eman zituzten erretratuak ordaindu zituzten eta baita kanpotik etorri ziren bertsolarien dirusariak ere. Hortik sobratutako dirua, berriz, gauean San Andresko elkartean egin zuten afaria ordaintzeko erabili zuten.