Zer da Naturkon?
Gipuzkoako talde naturzale eta ekologista guztiak biltzen dituen elkartea da. 2011n sortu genuen. Aldundian sartu zen gobernuak aldaketa agindu zuen eta gu prestatu ginen aldaketa horretarako. Garai hartan hausnarketa bat egin genuen: “alternatiba bat eskaini behar dugu hainbat arloren inguruan: basogintza, ehiza, bioaniztasuna…” Baina gobernu berria iritsi zenean, dena stand by gelditu zen.
Zein da zuen iritzia pinuaren gaixotasunak sortu duen egoeraz?
Orain dela hamar urtetik bagenekien eszenatoki honetara gentozela, bai guk eta baita sektoreak ere. Arazoaren dimentsioak harritu ditu batzuk, ezin izan delako gehiago ezkutatu. Azken batean, azpian, landa eremu osoaren krisia dago. Gero eta urrutiago bizi gara baserri mundutik eta pinudiek erakusten dutena landa-eremuak eta lehen sektoreak bizi duen egoeraren metafora da.
Pinuak diru asko eman du eta espezie bezala eskerrak besterik ez zaizkio eman behar. Baserri asko berritu dira pinuari esker. Pinudien kudeaketa-eredua da arazoa.
Azken asteotan egoera zerbait lasaitu da, ezta?
Ez nuke esango lasaitu denik. Udaberrian arazoa areagotu egingo da. Seguraski jendea ohitzen ari da. Baina arazoak okerrera egingo du eta administrazioak eskuartean darabiltzan erremedioek ez dute inolako konponbiderik ekarriko. Kaltetuta dagoena ezin da bere onera ekarri eta arriskuan dagoena gaixotzen joango da. Honek ez dauka atzera bueltarik.
Basogintzaren industriak zer paper jokatzen du?
Azken berrogei urteotan basoa bideratu da egur merkea ekoiztera eta interes hori ordezkatzen duen taldea da Basquegur. Gaur egun, zoritxarrez, eurak bideratzen dituzten baso politikak. Gainera, beste egurrik balego ere, Euskal Herrian gaur aterabide zaila du ez dagoelako horretarako merkaturik. Sektorea bideratu da hazkunde azkarreko kalitate eskaseko egurrera: papergintzarako, eraikuntza arinerako…
Berrogei urtean, monokultiboa, modu intentsibo eta teknika agresiboekin ezarri izanak ekarri dituen ondoriorik larrienak dira lurzorua pobretu dela ikaragarri, eta bioaniztasuna galdu. Ikusi besterik ez dago euria egiten duenean errekak zer daraman. Daramana da lurra. Ehundaka urtez ondu den lurra. Lurra galtzea bizitza galtzea da.
Lurjabeak zertan ari dira?
Lurjabe handiek administrazioa eta industria alde dituzte eta lasaiago daude baina, gehiengoa, lurjabe txikiak, shock egoeran daude. Informazio eta ezagutza falta handia dago. Zoritxarrez, gero eta gehiago gertatzen ari dena da, lur sailak abandonoan gelditzen direla.
Kontuan hartu behar da industria kexu den arren, egur merkea urteetarako daukala eskura. Hainbat eta hainbat urtetarako dauka ia zero kostuan ordainduko duen egurra, toneladak eta toneladak. Beste kontu bat da basojabeena. Gehienak basojabe txikiak dira eta hau da beste zama bat gehiago. Hogei-hogeita hamar urte egon dira etekinaren zain eta orain seguru asko gastuak izango dituzte. Desastrea da.
Naturkonen ustez zein da jarraitu beharreko bidea?
Natur-kontserbazioaren ikuspegitik, ustiapen eredu honen aurka gaude eta arauak eta moduak planteatzen ditugu ingurumenean egiten diren kalteak gutxitzeko, baina hortik industria nola bideratu behar den esatera, hori ez da gure lana. Lan hori administrazioari dagokio eta oposizioko alderdiei, benetako alternatiba eraikitzea.
Arlo honetan administraziotik ez dago ikerketa eta garapena diruz laguntzeko inolako borondaterik. Argi dago arazo honi aterabidea emateko basoari beste etekin batzuk atera behar zaizkiola. Administrazioak saritu behar du bide hori baina momentu honetan ez du egiten.
Gizartearen ardura dela aldarrikatzen duzue eta horretarako espazioak sortu behar direla.
Bai, eta galdera da hori non eta nola egin. Horretarako sareak eta moduak sortu behar dira. Nola hartu behar dute herritarrek parte eztabaida horretan? Guk ere ezin izan dugu azken lau urteotan. Aldundiak bilera bakarra eskaini zigun eta bertan argi esan ziguten ez zeukatela inolako interesik Natura 2000 sarea garatu eta natur kontserbazioaren alde ezer egiteko. Horrelaxe esan ziguten.
Guk eskaerak eginda dauzkagu Aldundira. Gure eskari bat da amaitzea ustiapen eredu honekin eta kalteak eragiten dituzten teknika agresiboekin, eta akaso egunen batean hastea hori zigortzen. Hori da aurreneko gauza. Eta horrek, besteak beste, lurjabeengan eragingo lukeen galerari begira, gure ustez ezinbestekoa da parte hartze publikorako mahaiak sortzea, ezagutza eta interes ezberdinak lantzeko. Badaude aditu asko eta hortik abiatu daitezke aterabideak.
Zeini dago zuzenduta bihar eskainiko duzuen hitzaldia?
Denei. Lurjabeei, baserritarrei eta herritarrei. Natur kontserbazioan gutxieneko interesa duten guztiei. Industriari ere bai.
Argibide batzuk emango ditugu gure basoetan gertatzen ari dena ulertzeko.