San Blas santua aldarean zaindari zela, elizako jarleku guztiak beteta zeuden meza ordurako. Baita elizako bazter eta atzeko alde osoak ere. Kale egin barik, bertaratu direnek eskuetan eta poltsetan ondo babestuta izan dituzte sanblasak, etxean egindakoak zein erositakoak, bedeinkaziorako gertu, mahai-zapi dotoretan batuta.
Mezaren amaiera aldera jaitsi da On Luis apaiza aldaretik, eta elizaren erdiko pasillotik eliza sarrerarainoko bidea egin du, batera eta bestera ur bedeinkatua botaz. Ondo asko jaso dituzte opilak bertan zirenek, ur tantaren bat zein beste harrapatu nahian, baita lortu ere.
Familia argazkiak
Mezaren amaieran, elizpean zein Plaza Berriko iturrian familia argazkiak ateratzeko aprobetxatu dute askok. Izan ere, gaurko egunez, ohitura dute kanpoan bizi den soraluzetar askok udalerrira bertaratzeko, bai sanblas opilak bedeinkatzeko, eta jakina, baita familia osoarekin elkartzeko ere.
Eta zela ez, meza ondoren bertan jan dituzte askok jateko deseatzen zeuden sanblas pusketak eta horrelaxe egingo dute ere beste askok, datozen egunotan, bazkalostean, armosuan, edo postrerako… kontua da sanblasak jatea eta gozatzea.