"Nagusien borrokaren" zilegitasuna eta indarra balioan jarri zituzten

Ubane Madera 2019ko ots. 1a, 11:02

Pentsio publiko duinen aldeko “borrokaren” garrantzia eta zilegitasuna azpimarratu zituzten atzo antzokian. Datu ikusgarriak jakinarazi zituzten: Gipuzkoan, astelehenero 10.000 lagunetik gora mobilizatzen dira 23 udalerritan, “eta geroago eta gehiago dira”, esan zuen Arantza Corrales hizlariak. Izan ere, hark azpimarratu zuen moduan, “pertsona guztiok dugu duintasunez bizitzeko eskubidea”.

“Nagusien borrokari esker” pentsioen alorrean lortutako aurrerapausoak gogora ekarri zituen atzo iluntzean Duintasuna elkarteko Arantza Corralesek Soraluzeko Herriko Antzokian: alargunen pentsioetan igoerak, Sostengarritasun Faktorea 2023ra arte atzera botatzea… Eta azpimarratu zuen bide beretik segitzea “besterik ez dutela”, batez ere orain, hauteskundeak gertu dauden honetan.

“Gutako bakoitzak boto bat dugu. Botoa ematen dutenen %25a gara. Eta uste dugu urduri ipini dugula bat edo bat. Boto batek asko balio du. Eta hori ere bada gure indarra”.

Herri aberatsean, pobrezia

Zentzu horretan, Corralesek adierazi zuen dagoeneko badabiltzala pentsiodunen mugimendua “apurtu” nahian, “isilarazi” nahian, bereziki erakusten dabiltzalako inoren “gustukoa” ez den argazkia: Euskal Herria moduko herri aberats batean pobrezia egoera handiak daudela.

“Orain, gure mugimendua apurtzen ahalegintzen dabiltza eta ahaleginduko dira. Prestatu zaitezte denetik entzuteko. Gure arteko enfrentamendua sortu nahi dute. Ez gara hor jausiko. Ahaleginduko dira ere, dugun batasuna apurtzen, dugun aniztasun politikoa apurtzen. Baina gu politikoki ez gaude ez bataren eta ezta bestearen alde ere, gu gure eskubideen alde gaude. Ahaleginduko dira gure protesta isilarazten. Medio handiek ya ez digute apenas kasurik egiten, erakusten dugun argazkia ez da-eta gustukoa, erakutsi dugulako gurea moduko herri aberats hauetan halako pobrezia egoerak daudela. Adibidez, baserrietan ganadua zaintzen ibili direnek miseriako pentsioa daukate. Eta hori gertatzen dabil Gipuzkoan horren gustuko ditugun herri “idiliko” horietan, gehienak baserritik bizi izan diren herri aberats horietan. Edo itsasotik bizi izan diren horiek ere 600 euroko pentsioak dituzte, eta horiek miseriako pentsioak dira. Pertsona guztiok dugu duintasunez bizitzeko eskubidea”.

Batasuna, nekazintasuna eta elkartasuna

Horren guztiaren aurrean, Corralesek gogora ekarri zuen zeintzuk diren pentsiodunen mugimenduaren indargune edo hiru ezaugarri nagusiak, eta horiei eutsi egin behar dietela:

  • Nekaezinak direla: euri, elur, haize, eguzki… egin astelehenero-astelehenero egoten direlako Euskal Herriko plazetan pentsio duinak aldarrikatzen, baita “80-90 urteko nagusiak ere”.
  • Batasuna dutela: pentsaera anitzetako pentsiodunak bat eginda daude mugimendu horren baitan.
  • Elkartasuna: adibide modura, pentsio altua dutenak ere plazan egoten dira, eurek beharrik izan ez arren, pentsio baxuak dutenen alde.

Borrokaren bitartez

Eta gogora ekarri zuen,  besteak beste, Historian, hobekuntza sozial guztiak “borrokaren bitartez lortu” direla, langileei ez dietela sekula ere ezer eman borrokatu barik: “Historiako lehen pentsioak XIX. mende amaieran hasi ziren, langileen ekarpenekin osatuta. Ez enpresariek eta ezta erakundeek ere ez dute sekula ezertxo ere egin euren kabuz halako neurriak ahalbidetzeko, sindikatuak etorri ziren arte (…) Gurea ere borroka da, nagusien borroka, borroka bidezkoa, urtebete daramagu borrokan kalean eta borrokari esker eskuratu ditugu orain arteko lorpenak”.  

Horrela bada, bide beretik segitzeko mezuarekin bukatu zuen hitzaldia, berau entzun zutenak indarberrituta eta gogotsu lagata.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.