Bihar bukatuko da saharar errefuxiatuendako elikagai bilketa

Ubane Madera 2019ko urt. 31a, 09:34

Emakume bat sahararrendako elikagaiak lagatzen, Kooperatiban.

Deba eskualdeko Saharar Herriarekiko elkartasun taldeak eta Bergarako Bubisher elkarteak deituta, egunotan Saharako kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuendako elikagai bilketa egiten dabiltza eskualdean, tartean Soraluzen ere bai. Kooperatiban lau bat kaxa elikagai batu dituzte eta Plaentxi Herri Ikastetxean bihar arte dago aukera elikagaiak eramateko.

Piztu Itxaropena izenarekin, Saharako kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuei laguntzeko XV. Euskal Karabana abiatuko da martxoaren 2an Laudiotik. Eta karabana hori betetzeko elikagaiak batzen dabiltza egunotan, besteak bete, eskualdeko udalerrietan.

Soraluzeri dagokionez, atzora arte, eguaztena, Kooperatiban izan da elikagaiak eramateko aukera. Lau kaxa pasa bete dituzte.

Ikastetxera eraman daiteke

Plaentxi Herri Ikastetxeari dagokionez, berriz, bihar arte, otsailaren 1, eraman daiteke janaria. Bereziki behar dituzte honako elikagaiak: arroza, lekaleak, azukrea, atuna eta sardinak oliotan, pasta eta olioa.

Eta era berean, Sahara Emakumeen Batasun Nazionalak konpresen beharra berretsi du “emakumeendako oinarrizko eta ezinbesteko garbitasun” produktuak direlako.

Osasun arazo handiak

Saharar Herriarekiko elkartasun taldeek gogora ekarri dutenez, “saharar errefuxiatuek Tindoufeko (Aljeria) kanpalekuetan bizirik irauteko ezinbestekoa da kanpotik datorren laguntza. Tindoufeko errefuxiatu kanpalekuetan baldintza penagarrietan bizi dira, eta osasun arazo handiak sortzen ari zaizkie, batez ere, 5 urtetik beherako umeei eta haurdun eta bularra ematen ari diren emakumeei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.