Soraluzeko sanblasak benetan preziatuak dira bai etxean eta baita kanpoan ere

Ubane Madera 2019ko urt. 30a, 12:09

Isabel, Irma eta Maria Angeles sanblasak egiten okindegiko labean, gaur eguaztena.

Bartzelonara, Toledora, Andorrara… ere ailegatzen dira Soraluzeko sanblasak. Mendizabal okindegitik bertatik bidaltzen dituzte, edo soraluzetar askok bertan erosi eta kanpora bidaltzen dizkiete soraluzetarrei zein lagunei.

San Blas opilak benetan preziatuak dira. Horren erakusle, herrian bertan egin eta kontsumitzen direnez aparte, urteak daramatzate Mendizabal okindegikoek bertan egindako sanblasak kanpora bidaltzen.

Bartzelona, Andorra, Torrevieja…

“Bartzelonara hiru sanblas bidaltzen ditut urtero, bertan bizi den soraluzetar bati. Aurten sanblas txikiak ere bidaliko dizkiet, lobendako. 14 urte-edo daramatzat hara sanblasak bidaltzen”, kontatu du Isabel Mendizabalek, okindegiko ugazabetako batek. “Eta badira herritar batzuek sanblas mordoa erosten dituztenak gero euren senitartekoei edo lagunei bidaltzeko; guk dakigunez, Gasteizera, Iruñeara, Torreviejara, Galizara eta Andorrara bidaltzen dituzte”, gaineratu du hark.

“Neuk, adibidez, Toledoko lagun batzuei bidaltzen dizkiet orain dela 5 bat urte. Soraluzen bizi ziren lehen, baina orain han bizi dira eta bidali egiten dizkiet ze asko gustatzen zaizkie. Correos-etik bidaltzen dizkiet, kaxa batean. Eta batek daki zenbat sanblas gehiago bidaltzen diren Soraluzetik kanpora!” jakinarazi du, berriz, Maria Angeles Mendizabalek.

Erregeen astetik

Zela ez, bertakoen zein kanpokoen sanblas “gosea” asetzeko, buru-belarri dihardute egunotan lanean okindegian, bost lagun jo eta fuego. Baltegietako okindegiko labara bertaratu ahala anis usain goxoa nabarmena da inguruan.

“Errege astean hasi ginen sanblasak egiten. Harrezkero astean birritan edo hirutan egiten ditugu, 120-180 bat sanblas astero, Soraluzerako eta Arrasaterako, ze Arrasaten ere oso ondo saltzen dira. Eta hemendik eta San Blas eguna pasatu arte, egunero gutxienez, 120 bat sanblas egingo ditugu”, kontatu du Irma Mendizabalek.

Gaueko hamabiak arte…

90eko hamarkadan hasi ziren sanblasak saltzen Mendizabal okindegian, ia-ia kasualitatez hasi ere. “Lehen etxerako bakarrik egiten ziren, eta saltokiren batean zein bestean saltzen ziren bakarrik. Nik (Maria Angeles) gertu nituen Eusebia Arana eta Emiliana Villanueva Tornos. Oso sukaldari onak ziren biak ala biak, eta haiekin hasi nintzen sanblasak egiten, etxerako. Urte batean, baina, sanblas batzuk eraman nituen furgonetan okindegira, eta harrezkero urtero hasi ginen egiten. Buf! Hasieran gaueko hamabiak arte-eta egoten ginen lan eta lan, zer zen hura… eta herritarrak eskatu eta eskatu, gainera! Orain ya ikasi dugu bidea”.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.