Aurreskua Soraluzen orain dela 60 urte dantzatzen zen moduan

Ubane Madera 2019ko urt. 30a, 09:43

Orain 60 urte Soraluzen aurreskua nola dantzatzen zen erakusten duen bideoa berrargitaratu du Dantzan.eus webguneak. Ekitaldia eta bideoa, berez, 2007koak dira, baina dantzariek soka-dantza bera orain dela mende erdi dantzatzen zuten moduan egin zuten.

Dantza sustatzea eta bultzatzea helburu duen elkartearen Dantzan.eus atari digitalak kontatzen duenez, Soraluzeko dantza taldearen 50. urteurrena dela-eta, 2007an, Urrats Dantza Taldearen ekimenez antolatutako urteurren festako zati bat erakusten du argitaratu berri duten bideoak. Bideo hori Pil-pilean herri komunikabideak grabatua da (Egoitz Unamuno kazetariak), eta, orain baino lehen, Urrats Dantza Taldeak argitaratu zuen Dantza Taldearen 50. urteurreneko DVDan. DVD horretan, urteurreneko ekitaldiekin batera, dantza taldearen argazki bilduma historikoa ere jaso zuten, ordura arte ezagutzen ziren argazki guztiak bilduta. DVDaren kopiak eskuragai daude Pil-pilean euskaltzaleen elkartearen egoitzan.  

Dantzari 'mitikoak'

Emandako xehetasunen arabera, herriko dantza taldearen sorreran eta lehen urteetan, Ezoziko Ama dantza taldea izenarekin parte hartu zuten dantzariak dira aurreskua eta soka-dantza dantzatzen dutenak Erregetxean. Dantzari mitikoak udalerrian, zela ez.