Berrerabilpenetik sortutako larrugina

Ubane Madera 2019ko urt. 29a, 15:59
Pablo Mateo larrugina Gabonetako azokan.

Berrerabilpena ardatz hartuta hasi zen Pablo Mateo (Badajoz, 1982) larrugintzan, orain 12 urte. Bota kanperen, bota militarren, emakumeen boten… larruez egindako diru-zorroak egiten hasi zen, baita poltsak ere, beste poltsa batzuen hondarrekin eta haginetako zetarekin josita. “Niretzat eta nire emaztearentzat”.

Orain dela bi urte, baina, "saltoa" eman eta Soraluzeko artisau azoka batean parte hartzen hasi zen eta, gaur gaurkoz, langintza horretan dihardu, produktu gehiago eginez, hori bai: "Txartel-zorroak eta erlojuen eskumuturrekoak ere egiten hasi nintzen, eta, 2018an, bestelako produktu batzuk ere bai: gerriko poltsak, aiztoendako zorroak… Baita iraupena oinarri duen bushcraft jokoan erabiltzen den materialarendako zorroak. Youtuben ikasi dut asko".

Zaletasuna

Perfekzionatzen laguntzeko tutorial ederrak ditu. Gero, norberak egin behar du, baina oinarria hortxe dago".
Hori guztia, gainera, jatorrizko esentzia galdu gabe egiten dihardu Mateok. Izan ere, aprobetxatu izan ditu kalean lagatako hiru sofa, txerri larruzkoak. "Aiztoarekin kalera jaitsi eta larrua kendu nien. Aurkitzen ditudan poltsa guztien materiala ere aprobetxatzen dut, kremailerak ez beste guztia: hebillak…"

Ordu asko eskaintzen dizkio uhalgintzari Mateok. Hala ere, argi du zaletasun moduan eutsi nahi diola. Horrek ez du kentzen, baina, balioan jarri nahi izatea eskulanen atzetik dagoen lan handia. Ildo horretan, bidezko merkataritza aldarrikatzen du, alegia, produktu bakoitza ordaintzea dagokion prezioan.